Segurako haurrak ere Erreboteko eremuaren prozesuko partaide
Segurarrak Errebote plazak, arboladiak, pilotaleku zaharrak eta herriko plazak hartzen duen espazio zabalaz hausnartzen ari dira egunotan. Sektorez sektore, eta herri batzarretan, herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzen ari da Segurako Udala.Herrik...
Segurarrak Errebote plazak, arboladiak, pilotaleku zaharrak eta herriko plazak hartzen duen espazio zabalaz hausnartzen ari dira egunotan. Sektorez sektore, eta herri batzarretan, herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzen ari da Segurako Udala.
Herriko beste sektore garrantzitsu baten iritzia jasotzeko ahalegin berezia egin du udalak, espazio horren berrantolaketaren parte hartze prozesuan: haurren iritzia, alegia. Laiotz herri eskolarekin eta guraso elkartearekin lankidetzan, atzo arratsaldean lehenengo saioa egin zuten LHko 4., 5. eta 6. mailako ikas-leek. Gaur, 1., 2. eta 3. mailakoen txanda izango da, eta datorren ostiralean, hilaren 4an, 4 eta 5 urtekoena. Lau eremutan eta lau jolasetan oinarrituta, haurren nahiak, ideiak eta iritziak jaso zituzten udal ordezkariek: «Jolasteko zerbait jarriko nuke», «Dagoen bezala utziko nuke», «Iturri bat jarriko nuke»…
Eskola eta gurasoak pozik
Eskola komunitate osoak egin du bat Errebote eremuaren parte hartze prozesuan. Nerea Uribe-Etxeberria zuzendariaren esanetan, «garrantzitsua ikusten dugu hezkuntza komunitatea osatzen dugun alde guztiek, gurasoak, eskolak eta herriak (udalak kasu honetan), denok parte hartzea». Duela hiru urte hasi zen prozesua eta orduan ere haurrek parte hartu zuten Errebote eraikina bota ala ez erabaki zen herri galdeketan. «Bigarren fase honetan ere, komenigarria ikusten zen eskolako ikasleek parte hartzea, eta beraien iritzia jasotzea garrantzitsua da», gaineratu du Uribe-Etxeberriak. Ikasleak, ilusioz eta gogotsu daudela dio.
Haitz Lehor guraso elkarteko kide den Izarra Urdalletaren ustez, eskertzekoa da udala egiten ari den ahalegina. Eremu hori gainera, «batik bat umeek erabiltzen dutenez», oso egokia iruditzen zaio umeen iritziak ere jasotzea: «Umeak dira egunero gune horretako protagonistak, orduan zilegia da eremu horrekin zer egin behar den erabakitzeko umeen iritzia jasotzea». Haurrak arduratsu sentitzen direla uste du, «protagonista eta garrantzitsu sentitzen dira».













