Goierriko hilerriak lorez eta jendez bete dira Santu Guztien egunean. Ohiturak edo erlijio sinismenak bultzatuta, hildako senitartekoen eta lagunen hilobiak bisitatzeko eguna izan da.

Lorez, kandelaz eta jendez bete dira azken egun hauetan hilerriak. Atzo Domu Santuen edo Santu Guztien eguna zen, eta tradizioari eutsiz, hildakoak gogoratzeko baliatu zuten kristauek, praktikanteak izan ala ez. Goierriko hilerriak ere ederki apainduak esnatu ziren atzo goizean, eta jendearen joan-etorria etengabea izan zen egun osoan zehar, erlijioak edo ohitura hutsak bultzatuta, senitartekoen hilobiak bisitatzeko.
Baina hilerriko bisita ez da Santu Guztien egunera mugatzen eta gehienak aurretik joaten dira, hilobiak prestatu, lo-reak edo landareak eraman eta dena txukun eta dotore uzteko. Mugimendua urriaren hasieran hasten da, eta azaroaren 1a igaro eta gero, hilobietan utzitako lore edo landare horiek zain- tzeko edo erretiratzeko joaten dira hurrengo egunetan asko.
Loreak eramateko ohitura

Izan ere, hildakoak gogoratzea hilerrira loreak eramatearekin dago lotuta, ezinbestean. Garai batean norberak etxean edo ondoko baserrian zituzten loreak eramaten ziren, krisantemoen moda etorri zen gero, eta orain, aukera asko zabalduta, erosi egiten ditu jendeak, naturalak gehien bat.
Beasaingo Hazia loradendako Haizea eta Maialen Zurutuza ahizpek lan handia izan dute Santu Guztien egunaren aurretik, baita atzoko egunean bertan ere: «Beti izaten da azken orduko lanen bat». Baina bezero gehienak aurreko egunetan izan dituzte, eta «familia osoa» izan dute laguntzen loradendan, batez ere asteburu osoan eta astelehenean. «Loreak freskoak direnez, egunean bertan egin behar dira zentroak eta sortak; ezin dira lehenago prestatu».
Lore eta landare zentroak, lore sorta txikiak, lore sorta handiak… hilerriak markatzen du zer erosten duen bezeroak: «Panteoiak dituztenak tarrina edo zentroak jartzen dituzte, landareekin edo lore moztuekin egindakoak; baina horma hilobietarako lore sortak edo zentro txikiak eramaten dituzte». Goierriko hilerrien artean bietatik dago, panteoiak eta paretako hilobiak.
Moda kontuak hilerrian
Modak ere badu bere tokia Santu Guztien egunerako lore eta landareetan. Klasikoak klasiko izango dira beti, eta larrosak, krabelinak eta krisantemo edo margaritak dira nagusi lore moztuetan. Koloreak, berriz, betikoak: gorria, zuria eta berdea. Hala ere, «udazkeneko kolore eta tonoak eskatzen hasi da orain jendea, laranjak; naturaltasuna bilatzen dute» diote Zurutuza ahizpek. Horren harira, geroz eta gehiago saltzen dituzte landare biziekin egindako zentroak: ziklamena, azalea, margarita… eta txilarra bezalako inguruko landareak, «landare fuerteak», sartzen dituzte.
Diru kontuei dagokienez, bi ahizpek bezero bakoitzak «40 euro» inguru gastatzen dituela aipatu dute. Baina Ordiziako azokan bestelako prezioak ere ikusi ziren joan den asteazkeneko azokan: lore moztuekin egindako zentroak 33 eta 105 euro artean saltzen zituzten, eta landare biziekin egindakoak, 25etik 45 eurora arteko prezioan.