Rallysprint «polita eta zikina»
Igande honetan Gabiria-Legazpi rallysprinta egingo dute. Euskal Herriko zaleen proba kutunetako bat da, ibilbide bihurria duelako. Aurten 54 auto gidarik parte hartuko dute.
Jorge Del Cidek Gabiria etaLegazpi arteko rallysprinta zaleen proba kutunetako bat dela gogoratu zuen. Gainera, lehen mailako gidariek parte hartuko dutela esan zuen. Era berean, lau babesle nagusien laguntza eskertu zuen: Legazpi eta Gabiriako udalak, Lurauto kontzesionarioa eta Korta erretegia. Bestalde, Olaetxe garajea ere gogoratu zuen, hasieratik proba babestu duelako.
Olabide Legazpiko alkateak proba «ikuskizun hutsa» dela esan zuen eta herriko gidariei eta kopilotuei zorte ona opa zien. Aipatzekoa da Legazpin jaio eta Gabirian bizi den Iñigo Alustizak bere emaztea izango duela alboan: Leire Urbieta.
Alustizak Gabiria-Legazpi rallysprinta hemendik Galiziara bitarteko zale guztiek ezagutzen dutela esan zuen. Izan ere, «ibilbide polita eta zikina dauka». Bere kideek berarekin bat egin zuten. «Ibilbide honen moduko gutxi daude», aipatu zuen Goikoetxeak. Etxeberriak aurten inoiz baino kontu handiagoarekin ibili beharko direla esan zuen, duela gutxi obrak egin baitituzte proba egingo den errepide horretan.
Aholkuak Gainontzekoek ikusleei komisarioen aginduak jarraitzeko, antolatzaileek baimendutako tokietan jartzeko eta mendian ezer ez botatzeko eskatu zieten. Etxezarretak beste eskaera bat ere egin zien. «Zale batzuek aurreko egunetan ibilbidean autoekin ibiltzeko ohitura dute. Ez dezatela hori egin». Aparkalekuen berri ere eman zuten. Ibilbidean ezin izango da aparkatu, baina Ormaiztegik Gabiriara doan errepideko eskuinaldea aparkaleku bezala erabiliko dute. Autoak norabide horretan bakarrik ibiliko dira. Proba honek Legazpin ere eragina izango du. 08:00etarako ez da autorik egon behar Bikuña industrialdeko 1etik 8ra. Bestalde, Garin enpresaren pabilioitik Motxorroko bidegurutzera karpak jarriko dira. Hori dela eta, 09:00etatik 20:00etara ezin izango da autoarekin sartu industrialdeko zati horretara.













