Aspanogiren bidean, ziztuan
Goierriko IV. Rallyesprinta larunbatean jokatuko da Lazkaon, Zaldibian eta Gaintzan. Helburu solidarioa du aurten ere, Aspanogiren alde. 60 auto lehiatuko dira, 7 klasikoLarunbat arratsaldean jokatuko da Goierriko 4. Rallyesprinta. 15,9 kilometroko zir...
Goierriko IV. Rallyesprinta larunbatean jokatuko da Lazkaon, Zaldibian eta Gaintzan. Helburu solidarioa du aurten ere, Aspanogiren alde. 60 auto lehiatuko dira, 7 klasiko
Larunbat arratsaldean jokatuko da Goierriko 4. Rallyesprinta. 15,9 kilometroko zirkuitua izango dute, ohi bezala: Lazkaon hasi —hilerri parean, Lazkaomendirako bidean—, Zaldibiara jaitsi, Larraitz aldera igo, eta Gaintza zeharkatuta, Zaldibiarantz bukatu, Ordizia aldeko bidegurutze inguruan. 14:00etan hasiko da lasterketa. Partaideek hiru erlojupeko pasaera egingo dituzte.Parke itxia Lazkaoko plazan kokatuko dute. Egiaztapen tekniko-administratiboak goizean burutuko dituzte. Motor giroa indartzeko, larunbatean ibilgailu klasikoen erakusketa antolatu du Goierri Motorklubak, 10:30etik aurrera. Bazkaria ere izango da, aurrez apuntatuta.
Ostiralean, berriz, 17:00etatik aurrera minimotoak, lasterketa autoak eta talogileak egongo dira Lazkaoko plazan. 3-10 urte arteko haurrek ibili ahalko dute.
Goierri Rallyesprinta euskal auto lasterketen egutegiko bigarren proba ofiziala da, Gabiriako estreinakoaren ondotik.
60 partaide
Eskakizun handiko rallyesprinta da Goierri. Irteten diren kotxeen ia erdiak ez du bukatu ohi. Guztira, 48 kilometro erlojupeko ditu —Euskal Herriko luzeena— eta zirkuituan azkartasun, zailtasun eta iaiotasun desberdineko zatiak tartekatzen dira. «Egonkortuta dago proba hau. Euskal Herriko rallyesprint garrantzitsuenetakoa da», ziurtatu du Angel Gurrutxagak, EAF Euskal Automobilismo Federazioaren lehendakariak.
Behin-behineko partaide zerrendaren arabera, 60 kotxe irtengo dira. Horietatik 53k abiadura lasterketa nagusian parte hartuko dute, eta beste zazpiek sport erregulartasunean (auto zaharragoak dira, markatutako abiadura batez besteko bat bete behar dute, eta ezin dute 80 km/h gainditu).
Lehian izango dira Enrique Barrenetxea-Arando (2015eko garailea) edo Aingeru Castro (iaz irabazle). Baita Mattin Villares edo Iban Tarsicio ere, iaz 2. eta 3.
Aspanogiren alde
Lazkaoko Ikullu Racing talde antolatzaileak helburu solidarioa eman dio aurtengo rallyari ere. Gipuzkoako haur minibizidunen gurasoen eta senideen Aspanogi elkartearentzat izango da ateratzen den etekin osoa. Iaz Stop Sanfilippo Fundazioari lagundu zioten.
Aspanogiko Bittor Andonegik Lazkao «herri solidarioa» dela txalotu du, eta laguntzen dieten lehen aldia ez dela oroitu du: «Eskerrak zuen gogoan hartzeagatik. Norbere indarrak eta kanpokoenak batzen ditu Aspanogik, duela 20 urtetik».
Bestetik, ikusleei segurtasun neurriak, debekatutako lekuak eta komisarioen esanak errespetatzeko eskatu diete; ingurua txukun mantentzeko ere bai.













