Urolak egonkortasuna, hazkundea eta etorkizuneko erronkak aurkeztu ditu batzar orokorrean
Urola Kirol Elkarteak 2025-2026 denboraldiari dagokion Ohiko Batzar Orokorra egin du, bazkideen aurrean azken urteko balantzea aurkeztu eta datorren denboraldiko lan ildo nagusiak azaltzeko.
Zuzendaritza Batzordeak egindako balorazioa positiboa izan da. Nabarmendu du kirol arloan ezarritako helburu nagusiak bete direla, senior taldeek maila duina eman dutela, gazte eta kadete mailako taldeek euren kategoriak mantendu dituztela eta parte hartze kategorietan egonkortasuna lortu dela.
Aldi berean, klubaren eguneroko kudeaketan sortutako egoera konplexuei erantzuteko ahalegin berezia egin dela azaldu du, entrenatzaileen eskakizun gero eta handiagoak eta jokalarien kudeaketarekin lotutako erabaki zailak azpimarratuz.
2026-2027 denboraldia: sendotzetik hobekuntzara
Datorren denboraldiari begira, Urolak egungo kirol proiektua sendotu eta hainbat erronka berri planteatu ditu. Emakumezkoen Ohorezko Erregional taldean lehiakortasuna handitzea izango da helburua; gizonezkoenean, berriz, staff tekniko berriarekin eta etxeko jokalarien aldeko apustu sendoarekin etorkizuneko proiektua eraikitzen hasiko da. Gazte eta kadete mailetan kategoriari eustea izango da xedea.
Kudeaketa mailan ere hainbat berrikuntza aurkeztu dira. Horien artean daude Joko OK protokoloaren ezarpena, jokalarien itzulerarako irizpide bateratuak, Urola-Real metodologiaren garapenean aurrerapausoak eta entrenatzaileen egituraren sendotzea.
Ekonomia sendoa eta etorkizunari begirako aurrekontua
Klubak azaldu du gastuen kontrola sendotu dela eta baliabideak arduraz kudeatzeko politika mantenduko dela. Aldi berean, babesle berriak erakartzea eta aliantzak indartzea izango dira datozen hilabeteetako lehentasunetako batzuk, etorkizuneko egonkortasuna bermatzeko.
Euskara, klubaren ardatz estrategikoa
Batzarrean protagonismo berezia izan du Urola K.E.-ren 2025-2028 Euskara Planak. Klubak diagnostikotik ekintzara igaro dela azaldu du, eta datozen urteetan euskararen erabilera entrenamenduetan, barne zein kanpo komunikazioan eta klubaren irudian indartzea izango dela helburua. Planaren ikuspegiaren arabera, Urolak “baloiak eta balioak euskaraz zelairatzen dituen futbol kluba” izaten jarraitu nahi du.
Irudi bateratua indartzeko neurriak
Beste berrikuntza nagusietako bat ekipazio ofizialaren erabilera izango da. 2026-2027 denboralditik aurrera, infantil mailatik gorako jokalariek derrigorrez erabili beharko dute Urola K.E.-ren kaleko jantzi ofiziala partidetara joateko eta itzultzeko. Neurriaren helburua klubaren irudi korporatiboa eta talde izaera indartzea dela azaldu du zuzendaritzak.
Antolaketa, babesletza eta komunikazioa
Batzarrean, halaber, azken bi urteetan babesletza arloan egindako lana, prozesuak sinplifikatzeko hartu diren neurriak eta herriko gainerako kirol elkarteekin sustatutako lankidetza nabarmendu dira. Komunikazioari dagokionez, sare sozialetan presentzia sendotzen jarraitzea, senior taldeak klubaren erreferente gisa indartzea eta euskararen presentzia handitzea izango dira lehentasunak.
Amaitzeko, zuzendaritzak 2026-2027 denboraldiaren hasierako hitzordu nagusiak gogorarazi ditu: denboraldi hasierako ekitaldia irailaren 5ean egingo da, herriko taldeen aurkezpena irailaren 25ean izango da eta Txugi Txapelketa 2027ko apirilaren 3an jokatuko da. Klubak bazkide, familia, boluntario, entrenatzaile eta babesle guztiei eskerrak eman dizkie denboraldi osoan erakutsitako konpromisoagatik, eta etorkizuneko erronkei ilusioz eta elkarlanean aurre egiteko deia egin du.













