Hernanik eta Leitzak Zumarragan jokatuko dute Euskal Herriko herriarteko pilota txapelketako finala
Zumarragako Beloki pilotalekuak zazpigarren urtez jarraian hartuko du Euskal Herriko herriarteko pilota txapelketako finala. Hernani eta Leitza ariko dira aurrez aurre. Final handia igandean jokatuko da, 11:00etatik aurrera. Gainera, ETBn zuzenean ikusi ahal izango da.
Finala gaur aurkeztu dute. Aurkezpenean Mikel Serrano Zumarragako alkateak, Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako presidente Joxemari Mitxelenak eta finala jokatuko duten pilotariek hartu dute parte. Alkatearen hitzetan, “harrotasun handia da Zumarragak berriro ere horrelako final bat hartzea. Federazioak urtez urte gure herriarengan duen konfiantzak orain arte egindako lana aitortzen du, eta Zumarragaren izena zabaltzen duten eta herrian mugimendua sortzen duten kirol ekitaldien alde egiten jarraitzera bultzatzen gaitu”.
Bestalde, Mitxelenak udalaren lankidetza eskertu eta Zumarragaren konpromisoa nabarmendu du. “Zumarraga beti da apustu segurua. Hemen mota honetako ekitaldiak antolatzeko erraztasun guztiak eta udalaren erabateko inplikazioa aurkitzen ditugu. Horregatik, urtez urte berriro ere Zumarragaren alde egiten dugu hain garrantzitsua den final hau hartzeko”.
“Horrelako final batek, gainera, aukera paregabea eskaintzen du Zumarragaren irudia Euskal Herri osoan zabaltzeko, hainbat herritatik etorritako pilotariak, laguntzaileak eta pilotazaleak erakarriz eta herrian jarduera ekonomikoa eta giroa sortuz”, gehitu du alkateak.
Finalera bertaratzera errazteko, Zumarragako Udalak La Salle-Legazpi ikastetxeko patioa doako aparkaleku gisa egokituko du, bertaratzen diren guztiek ekitaldia erosotasunez gozatu ahal izan dezaten.
Zumarragako Udalak herritar guztiak eta pilotazaleak igande honetan Beloki pilotalekura gerturatzera gonbidatzen ditu, euskal pilotaren egutegiko hitzordu garrantzitsuenetako batez gozatzera.













