Garaziko Ikastolako haurren bisitarekin hasi da Iparra-Hegoa Seguran
Harremanak sendotzeko herri eskolako haurrekin batera hainbat ekitaldi ari dira egiten. Gaur 'Zerk batzen gaitu' hitzaldia dago. Etzi bertso-kantu-poteo-afaria dago Arzallusekin eta Sotorekin
Ohi baino haur hots handiagoa dago atzo eta gaur Seguran, Iparra-Hegoa egitarauaren barruan, Garaziko ikastolatik 50 ikasle eta irakasletik gora etorri baitira gaztetxoen arteko harremanak sendotzeko helburuarekin. Hainbat ekintza egingo dituzte bi egunotan.
Haurren ekitaldiekin batera, asteazkenera bitartean hitzaldiak izango dira Muga gainetik Euskal Herria gaitzat hartuta. Gaur, 19:00etan, Zerk batzen gaitu? galderari erantzuten saiatuko dira Xamar (euskara eta kultura), Erik Etxart (ekonomia) eta Andde Saint Marie (erakundeen arteko lankidetza), Eneko Bidegain moderatzaile dutela.
Bihar, berriz, bi sukaldari izango dira protagonista, 19:00-etan, Elorri elkartean: Donibane Lohizuneko Olatu ostatuko Ramuntxo Berria eta Ormaiztegiko Kuko jatetxeko Iker Markinez beasaindarra. Hitzaldiarekin batera, adibideak ere jarriko dituzte praktikan.
Bertso afarirako txartelak
Ostegunean, berriz, bertso-kantu-poteo-afaria izango da plazako karpan Amets Arzallus eta Julio bertsolariak eta Kuxkuxtu txaranga lagun dituztela. 18 euroan daude txartelak salgai Elorri tabernan.













