Etxea ataria adina bada...
San Prudentzio jaien atariko asteburua gorena izan da, Lazkaon. Jundajo txarangak bota du suziria, eta mozorro festari nahiz haur danborradari eman dio segida. Mardulena falta da oraindik.Hauspoa, gogoa eta poltsikoa ere orduantxe egoten dira freskoena...
San Prudentzio jaien atariko asteburua gorena izan da, Lazkaon. Jundajo txarangak bota du suziria, eta mozorro festari nahiz haur danborradari eman dio segida. Mardulena falta da oraindik.
Hauspoa, gogoa eta poltsikoa ere orduantxe egoten dira freskoenak, eta Lazkaoko San Prudentzio jaien lehendabiziko asteburua goi-goitik igaro dute lazkaotarrek. Eguraldi paregabeak uxatu ditu, oraingoz, sanprointzioren malkoak. Udaberri erdian, festa udatiarrei batere inbidiarik gabe,Jundajo txarangak ireki zuen, ostiralean, festen partitura. Udaletxeko balkoitik, Festa Batzordeak izendatutako papera betez, pregoia irakurri eta txupina sutu zuten. Ohorez hartu dute gonbita. Kide guztiak balkoian luzetara lerrokatuta, hamar urteren aipamena eginez eskertu zuen Aitor Tello musikariak keinua.
«Lana eta konpromisoa dira gure oinarri, eta horren emaitza zuei erakustea helburua, musikaren bidez. Kale, auzo, herriak alaitzea, umeak kalejiran ibiltzea, gazteak gure inguruan saltoka izatea, helduagoek gozatzea. Hori da gure lana».
Esan eta izan. Berehala kalera jaitsi, eta Gasteizko erraldoi konpartsako lau erregerekin —aurten mendea bete du talde hark— kalejira egin zuen Jundajok.
Pilota txapelketa herrikoia ere azken fasean da. Finalaurrekoak jokatu dituzte lau bikotek, estu bezain orekatuak. Joseba Barandiaran-Aitor Muruamendiaraz eta Asier Alonso-Jon Barreros batetik; eta Unai Bereziartu-Julen Galparsoro, eta Beñat Urteaga-Iker Izagirre bestetik iritsi dira azken aurreko koskara. Finala San Prudentzio egunez da.
Mozorrotuen egun betea
Larunbata, mozorrotuen festa, borobila izan zen. Ehunka lagun atera ziren mozorrotuta, ohitura geroz eta sustraituagoa dela erakutsiz. Kuadrillak, taldeak, bikoteak ala bakarlariak, denetarako irudimena dagoela ikusi da.
Lehiaketan, aurreneko saria (200 euro Lazkaoko komertzioetan gastatzeko) Alex eta bere neskak taldeak irabazi du, iaz bezalaxe. Sabel dantzari arabiarren koreografia landua egin dute. Bigarren saria (100 euro), La Karrera Majareta cowboy diligentziak eraman du. Hirugarren saria ez dute banatu, 18 urtetik beherako talderik ez delako aurkeztu.
Igandean, artisau azoka Hirigoien kalean egin zuten. Haurren danborradan 150 bat haur irten ziren, upel eta danbor. Teilagintza irudikatu zuten karrozan, bi idik tiratuta.













