Ikasleen konpromisoak, alkateari proposamenak
Eskola Agenda 21aren barruan, lurzoruaren gaia landu dute aurten Beasaingo ikastetxeetako ikasleek. Herriko lurzoruaren azterketa egin dute ikasturtean zehar eta atera dituzten ondo-rioak aurkeztu zizkien atzo Aitor Aldasoro alkateari udaletxean. Ondor...
Eskola Agenda 21aren barruan, lurzoruaren gaia landu dute aurten Beasaingo ikastetxeetako ikasleek. Herriko lurzoruaren azterketa egin dute ikasturtean zehar eta atera dituzten ondo-rioak aurkeztu zizkien atzo Aitor Aldasoro alkateari udaletxean. Ondorioen arabera, «aztertutako lurra aberatsa dela ikusi dugu baina elikagai gutxi ditu». Horrekin batera, «zabor asko ikusi dugu eta zabor ontziak falta dira», azaldu zieten. Hondakinekin lotuta, «hondakinak askotan ez ditugu ondo bereizten, edukiontzi ondoetan poltsak lu- rrean uzten dira, baina herrian ahalegina egiten ari dira hondakin organikoaren kudeaketa egokia egiteko».
Era berean, Beasainen lur eremu asko galdu dela uste dute ikasleek: «Baratze eta zonalde berdeak gero eta murritzagoak dira, etxebizitza eta lantegien ugaritzeagatik, nahiz eta belarditxoak eta loreak jartzen diren».
Ohi bezala, ikasleek hainbat konpromiso hartu zituzten: landareak zein animaliak zaindu eta zaborra bota behar den tokian kartelak ipiniz; zaborrik ez sortzea eta bilduki berrerabilgarriak erabiltzea; natura eta gune berdeak hobeto zaintzea; eta ibaira eta lurrera zaborrik ez botatzea. Horrekin batera, garaian garaiko eta bertako produktuak kontsumituko dituztela eta hondakinen sailkapena hobeto egiten saiatuko direla adierazi zuten.
Alkateari hainbat proposamen egiteko ere baliatu zuten atzoko audizioa. Lehenengo eta behin, zuhaitzak ezagutzeko panel informatiboak jartzea proposatu zien. Dolareako parkean panelak jarrita daudela jakinaraztearekin batera, herriko zuhaitzen inbentarioa bidaltzeko konpromisoa hartu zuen alkateak. Sagastigutin jolas parkea jartzea izan zen beste proposamenetako bat. Beasainen 18 haur parke daudela eta Sagastiguti naturaz eta lasaitasunaz gozatzeko gunea zela adierazi zien. Baratza sozialaren eskaerarekin lotuta, beharrik gehiena dutenentzat izango direla azaldu zuen, eta ikastetxeek ere izango dutela beraien erabilerarako lur saila.
Nekazarien eta abeltzainen esperientziak, kezkak eta gomendioak ikasgeletan kontatzeko aukera ere egoki ikusten dute ikasleek. Kezka horietatik abiatuta, garaian garaikoa eta bertakoa kontsumitzeko dei egin die alkateak ikasleei, astearte, ostiral eta hilean lehenengo larunbateko azoketara joanez; «zuen laguntza beharrezkoa da». Alkateak aurreratu duenez, irailetik aurrera larunbatero azoka jartzea aztertzen ari dira.












