Badatoz Loinatz jairik luzeenak
Txosna gunean ostegunean botako dute txupinazoa. Mikel Jimenok, La Salleko taldeak eta Haritz Perezek irabazi dute kartel lehiaketa. 110.000 euroko aurrekontua dute
Aurkeztu dituzte festetako egitaraua eta festak iragartzeko kartela. Egitarauari dagokionean, inoiz baino luzeagoak izango dira aurten Loinatz jaiak, txosna gunean ostegunean botako baitute txupinazo alternatiboa, eta ekainaren 3ra bitartean, egunero-egunero egingo dituzte adin desberdinetako herritarrei zuzendutako ekintzak.
Dena den, jaiak ofizialki, ostiralean hasiko dira 18:00etan, Alkartasuna Lizeoko ikasleek irakurriko dute pregoia; 22:30ean, Mariren jaitsierarekin lehertuko da festa. Larunbateko danborradak Ezkiaga auzotik abiatuko dira: haurrena 12:00etan eta helduena 19:00etan. Aurten Pello Irizarren beste pieza berri bat estreinatuko dute. Arratsaldean, berrikuntza bat izango da: I. Goitibehera jaitsiera, hilerritik Erauskin plazaraino.
Igande goizean heriotzarik gabeko amuarrain eta barboen arrantza lehiaketa berreskuratuko dute. Alfil elkartearen nazioarteko xake txapelketa Gernika pasealekura eramango dute aurten; eta Dantzaokea ere lehenengo igandera aurreratu dute. Astelehenean, lagun arteko areto futboleko finalaren ondoren jokatuko dira binakako pilota txapelketako finalak Gernika pasealekuko pilotalekuan. Astearteko bertso saioan Amets Arzallus, Andoni Egaña eta Maddi Aiestaran eta Aitor Sarriegi beasaindarrak ariko dira kantuan. Bigarren larunbateko elkarte arteko gastronomia txapelketan, azkenik, piper beteak txekor isatsarekin eta txerri hankak saltsa espainairrarekin prestatuko dituzte.
Hesian, Drindots eta Makulu Ken
Musikari dagokionean, eskaintza zabala prestatu dute Bideluze plazarako eta txosna gunerako. Herriko hainbat talderekin batera, Makulu Ken (hilaren 27an), Hesian (ekainaren 2an) eta Drindots (ekainaren 3an) taldeen kontzertuak izango dira. Txosnetan ekainaren 2an, neskez osatutako taldeen kontzertuak izango dira.
Prebentzioa oinarri
Alkoholaren prebentzioarekin lotuta, kanpaina berezia egiten ari dira DBH2ko ikasleekin. Gurasoekin ere lanketa egin nahi dute eta hilaren 25ean, Usurbe antzokian, 18:00etan, hitzaldia egingo dute: Alkoholaren prebentzioa familiatik. Txosna batzordeak ere egin du droga kontsumoaz tailerra Ailaket taldearen eskutik. Azkenik, indarkeria matxistaren prebentzioari begira, festetako egitarauan edozein erasoren aurrean praktikan jartzeko protokoloa zehazten da.
Kartelak
Kartel lehiaketari dagokionez, 15 urtetik gorakoen lehiaketa Mikel Jimenok irabazi du; haurrena La Salleko Iker Pia, Aimar Telleria, Oier Jimenez eta Xabat Larrañagak; eta txosnetakoa, Aritz Garcia Villajosek.
Dantzaokean parte hartzeko izena eman behar da
Txilibutxof aisialdi taldeak antolatzen duen Dantzaokean parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute aste honetan, Txilibutxof taldearen webgunean. Aurten, festetako lehenengo igandean izango da, hilaren 28an, 18:30ean, Bideluze plazan. 6 eta 16 urte bitartekoek har dezakete parte. Talde bakoitzak 6 lagun izango ditu, gutxienez. Talde bakoitzeko abesti edo dantza bat baino ez da onartuko. Aukeratutako musika euskaraz izango da.












