Guztia prest Azintzio jaietarako
Gaur hasiko dira Legorretan Azintzioak, suziriaren jaurtiketa eta Joseba Berasainen pregoiarekin. Gizon Pikua udaletxeko balkoian egongo da festen azken egunera arte
Guztia prest dute Legorretan, gaur Azintzio jaiei hasiera emateko. Gaurtik igandera, bost eguneko egitaraua prestatu du Festa batzordeak. Azentzio eguna bihar da, eta ohitura duten bezala, bezperan ekingo diete jaiei. Aldaketa handirik ez dute aurtengo festek, aurreko urteetatik.
Jaietako lehenengo egunari dagokionez, Gazte Piku asanbladak antolatutako pilota txapelketa herrikoiaren finalekin hasiko dira Azintzioak, 18:00etan. Bikoteka arituko dira; Kepa Jauregi eta Lander Iparragirre, Aitor Bergantiños eta Aitor Zunzunegiren aurka.
Azintzioen hasierako suziria 19:00etan botako dute eta Joseba Berasain Legorretako pisu jaurtitzaile gaztea izango da pregoilaria. Gero, herriko ikur den Gizon Pikua udaletxeko balkoian jarriko dute, igandera arte. Jaiak ofizialki hasita bertso erronka egingo dute 19:30etik aurrera. Maialen Akizu, Oihana Iguaran, Beñat Iguaran, Unai Mendizabal, Aritz Mujika eta Gema Urteaga arituko dira bertsotan. Aurkezlea Felix Artola izango da eta Olaso taberna aurretik abiatuko dira. Iluntzean, berriz, lagunarteko afaria egingo dute Bilkoin elkartean.
Joseba Berasain pregoilari
Pisu jaurtiketan Espainiako txapelduna den Joseba Berasain gaztea aukeratu du Festa batzordeak jaien hasierako txupina botatzeko. «Sorpresa handia» hartu zuen Berasainek aurtengo pregoilaria bera izango zela esan ziotenean eta «ohore handia» dela dio horrelako erantzukizuna aurten berari ematea. Beste herritar asko bezala, «txikitatik urtero plazan» egon izan da jaien hasierako suziria jaurtitzeko une horretan, «baina ikusle bezala»; «burutik sekula ez zait pasa egunen batean nik ere pregoia irakurriko nuenik».
Martxoaren hasieran Valentzian jokatutako pista estaliko Espainiako txapelketan, pisu jaurtiketan urrezko domina eskuratu zuen Berasainek. Momentu honetan, «gogor» entrenatzen ari da «hurrengo txapelketak prestatzeko».













