Sancho eta Toti, hitzetan bidaian
Iker Sancho lazkaotarrak euskaratuta, Aleksievitx Nobel saridunaren 'Gerrak ez du emakume aurpegirik' liburua aurkeztu dute, Lazkaon. Toti Martinez de Lezea ikasleekin aritu da, Nurrez.
Literatura-jarduera handiko egunak izan dira Lazkaon. Irakurri, Gozatu eta Oparitu kanpainaren hondarrean, bi idazle gonbidatu ditu Gerriko elkarteak. Herenegun, Iker Sancho irakasle eta itzultzaileak (Lazkao, 1975) Gerrak ez du emakume aurpegirik liburua aurkeztu zuen, Gerriko liburu-dendan. Atzo, Toti Martinez de Lezea idazle gasteiztarrak goiz osoa igaro zuen liburutegian, San Benitoko LH3ko ikasleei Nurren abenturen xehetasunak ematen eta liburuak sinatzen.
Sanchok Zaitegi itzulpengintza saria irabazi zuen iaz, Arrasaten, eta haren emaitza da Gerrak ez du emakume aurpegirik. Svetlana Aleksievitx ukrainarrak Bigarren Mundu Gerraz 150 bat emakume errusiarri testigantzak jaso zizkien, eta 2015ean Nobel saria merezi izan zion. «Bi plano ditu liburuak: gerra eta emakumea. Ez da kronika ofiziala, emakume haien gerrako egunerokoa baizik. Sobietarren garaipenak auza asko ezkutatu zituen; bat, emakumeen gerra frontean. Gizonezkoek gizonezkoentzat egindako gerra izan zen», kontatu du Sanchok.
Udazkenean Liluraturan
Gerrak ez du emakume aurpegirik liburua herenegun goizean Donostian aurkeztu zuen, Elkar etxearen eskutik. «Liburu gizatiarra da, pertsona oso barrutik, biluzik, ikusten delako. Erraza da irakurtzeko, azkenean amonak ari direlako hizketan. Edadeko jendeak kontatuta, beste patxada, sakontasun eta ikuspegi bat dute gauzek».
Liburua salgai dago dagoeneko, liburu dendetan (22 euro). Udazkenean, Gerrikok duen Liluratura saioan izango da Iker Sancho. Udan irakurleei Gerrak ez du emakume aurpegirik irakurtzeko deia egin dute.
Atzo, berriz, Toti Martinez de Lezeak (Gasteiz, 1949) Nur pertsonaiaren abenturen berri eman zien ikasleei. Astelehe-nean, Josu Iztueta bidaiariak Biziminez dokumentala emango du, Maizpiden, 21:00etan.













