Lehen mailako atletak bilduko ditu Ordiziako atletismo sari nagusiak
Guztira 11 proba jokatuko dira, bost emakumezkoenak eta sei gizonezkoenak. Alazne Furundarena ordiziarra Gipuzkoako marka hausten saiatuko da 100 metroetan
Atletismoarekin hitzordu garrantzitsua hartuko du larunbatean, uztailaren 1ean, Ordiziako Altamira estadioak, Ordiziako atletismoko hirugarren sari nagusia-Jose Antonio Peña mitina jokatuko baita, 18:00etan hasita. Estatuko eta atzerriko atleta onenetako batzuk ekarriko ditu. Txindoki Grupo Jaso atletismo taldeak antolatu du ekitaldia eta atzo aurkeztu zuten Donostiako Koldo Mitxelena kultur etxean.
Foru Aldundiko Kirol Zuzendariak, Goizane Alvarezek adierazi zuen «oso garrantzitsuak» direla Ordiziakoa bezalako kirol ekitaldiak, «nazioarteko atleta ugari biltzen baitituzte, Ordizia mapan jarriz, eliteko txapelketa batekin». Jose Migel Santamaria Ordiziako alkateak «atletismoa balorean jartzen duen proba» dela nabarmendu zuen.
Goi mailako atletak
Atletismo mitinak lehen mailako atletak bilduko ditu Ordizian, hala nola Jonathan Okeudo (2015eko mitineko txapelduna), Iñigo Perez (400 metro), Chakib Laghar (1.500 metro), Hassan Oubaddi (5.000 metro), Sergio Sanchez (5.000 metro) eta Igor Legarda (luzera jauzia). Emakumeen artean,Thibas Gebre (5.000 metro) eta Alazne Furundarena ordiziarra dira nabarmentzekoak. Furundarena 100 metroko proban Gipuzkoako marka hausten saiatuko da.
Guztira 11 proba jokatuko dira: bost emakumezkoenak (100 metro, 200 metro, 800 metro, pertika eta luzera jauzia) eta sei gizonezkoenak (100 metro, 400 metro, 1.500 metro, luzera jauzia, pertika eta 5.000 metro). Horrez gain, haurrentzako abiadura lasterketak eta herriko atletentzat 4×400 probak egingo dira.
Kirolari lotutako bizitza
Larunbatekoa, Jose Antonio Peña Lizarraga ordiziarra omentzeko zita izango da; azken 30 urteetan, klub urdinaren funtsezko pieza izan dena. Peña, 2015ean zendu zen. Kirolarekin, atletismoarekin batez ere, bizitza osoko lotura izan du. Pisu jaurtiketa zen bere modalitatea eta gaztetan, Espainiako txapeldun izan zen.
Ordiziako atletismo taldean entrenatzaile lanetan ere aritu zen 1980ko hamarkada erdialdean eta azkeneko urtetan, taldearen arima izan da. Alazne Furundarena bera edota Odei Lopez pisu jaurtitzailea, haren ondoan aritu dira eta baita beste dozenaka eta dozenaka atleta ere.
Espainia mailan atletismoko epaile izan zen eta karguak izan zituen Euskadiko eta Gipuzkoako federazioetan.
Izen-ematea
Parte hartzeko izen-emate epea zabalik dago eta bihar 14:00etan itxiko dute. Ordutegi zehatza, proba bakoitzerako izena eman duten atleta kopuruaren arabera erabaki eta argitaratuko du bihar antolakuntzak.













