Oihana Arratibel: «Denborak ikusita, jendeak oso bizi egiten du maratoia»
Aurten Marimurumendi mendi maratoian hartuko du parte Oihana Arratibel (Ordizia, 1988) lasterkariak. Iaz, Goierriko Bi Handiak proban bosgarren postuan sailkatu zen. Eguraldi beroari dio beldurrik handiena.
Marimurumendi proba aukeratu duzu aurten. Zergatik?
Aurten entrenamendu motzagoak egin ditut eta iruditzen zitzaidan G2H egiteko gehiegi izango zela. Orduan, Marimurumendi egitea erabaki nuen.
Iaz, G2H egin zenuen.
Bai, baina gorputza nahiko jipoituta bukatu nuen eta aurten pentsatu dut pixka bat motzagoa egitea. Orain dela 4 urte ere saiatu nintzen Goierriko Bi Handiak egiten, baina erretiratu egin nintzen.
Batak bestearekin zerikusirik ez du izango.
Hori da. G2H gehiago iraupen luzeko proba bat da eta maratoia biziagoa da, erritmo azkarxeagoak eskatzen ditu. Entrenamenduak oso ezberdinak dira.
Maratoiaren ibilbidea ezagutzen duzu?
Bai, oso gertu geratzen zaigu ibilbidea entrenatzeko; Usurbe, Murumendi eta Izazpi leku ezagunak dira.
Inguru horretan aritu zara entrenatzen?
Ez, ez daukat ohitura handiegirik inguru horretara joateko. Murumendira joaten naiz, baina normalean Aralar aldera gehiago joaten naiz.
Zein izango da punturik zailena edo gogorrena?
Izazpiko igoera nahiko gogorra dela iruditzen zait. Bestela, zati asko, korrika egitekoak izango direla esango nuke. Hor ere dezente sufrituko dugu. Eguraldiari ere beldur handia diot. Uztailean bero egiten du eta ea zein egun tokatzen zaigun. Beroa oso-oso gaizki eramaten dut. Gorputza indarrik gabe geratzen zait, eta ea tenperatura suabe samarrak egiten dituen.
Marimurumendi maratoi azkarra dela esaten da.
Nik ez dut inoiz parte hartu, baina denborak ikusita jendeak oso bizi egiten du. Erreferentzia horrekin korrika asko egitekoa dela iruditzen zait bai.
Zein helburu jarri diozu zure buruari?
Helburua beti bukatzea izaten da. Gorputzak laguntzen badu eta ondo ateratzen bada, gustura. Bestela, pixka bat sufritu eta bukatu. Sentsazio onarekin bukatzea da garrantzitsuena.
Proba honetan emakumezkoen parte hartzea handiagoa da beste bi probekin alderatuta.
Nik uste dut emakumezko gehiago animatzen direla Marimurumendira, egingarriagoa delako edo… Baina egia esan ez dakit egingarriagoa den, sufritu antzeko sufritzen da. Agian distantzia motzagoarekin neska gehiago animatzen da. Baina azkenean, maratoia ere oso gogorra egiten da, Goierriko Bi Handiak bezala. Oso proba desberdinak dira: batean ordu pilo bat dira eta indarrak dosifikatzen joan behar da; eta bestean, dena ematen duzu bost ordutan, eta agian gehiago sufritzen da horrelako karrera azkar batean.
Prestakuntza aldetik, nola antolatu zara? Gabiriako Leharrei eta Urretxu-Zumarragako UZ trail probak irabazi dituzu…
Egin ditudan lasterketa luzeenak horiek izan dira, 25 kilometro ingurukoak. Ekainaren 18an Tolosako maratoia egiten saiatu nintzen baina ikaragarrizko beroa egin zuen eta gorputzak nahikoa zela esan zidan. Egin ditudanak maratoi erdiak izan dira eta entrenamenduak ere nahiko motzak egiten ari naiz. Ea orain 42 kilometrokoa nola egiten dudan.
Badago alde pixka bat 25 kilometrotik 42 egitera.
Bai, horren beldurra daukat: entrenamendu motzekin ea nola erantzuten duen gorputzak.
Aurretik maratoirik egin izan duzu?
Orain dela bi urte Zegama-Aizkorri eta Tolosako Hiru Tontorrak maratoiak egin nituen. Marimurumendi, beraz, hirugarren maratoia izango da.
Etxetik gertu ariko zara.
Azkenean horrek animatzen du, etxetik gertu dira lasterketak eta etxetik gertu direnak egin beharra daude. Normalean hemen inguruko karreretan ibiltzen naiz. Udan Pirinioetan karreraren batean parte hartzen dut, baina etxe ingurukoak gustatzen zaizkit, denetan gozatzen dut. Gainera, uste dut bultzatu beharrean daudela.
Ehunmilak egitera ausartuko al zara inoiz?
Hori beste kontu bat da. Ez dakit inoiz ere animatuko naizen, baina hori beste biak baino erokeria handiagoa da. Burua oso gogorra eduki behar da.