Euskal Herriko mapa digitala osatu nahi dute Mapping Album proiektuaren bidez, XIX. mendeko grabatuak eta gaur egungo argazkiak alderatuz.

Ormaiztegiko trenzubia erakusten duen grabatua.
Ormaiztegiko Zumalakarregi museoak
Mapping Album proiektua jarri du martxan. Zertan datza? Bada,
www.mappingalbum.net webgunean Euskal Herriko mapa digital bat osatu dute. Mapa horretan, herri batzuetako XIX. mendeko grabatuak jarri dituzte. Helburua, grabatu horietan agertzen diren lekuen gaur egungo argazkiak mapara igotzea da, bi garaietako ikuspegiak alderatzeko. Edonork igo ditzake argazkiak; proiektu irekia eta parte hartzailea da, etengabe eraikitzen ari dena.
Goierriren kasuan, Segurako, Zegamako, Ormaiztegiko eta Gabiriako gaur egungo argazkiak igo daitezke, webgunean dagoen grabatua oinarri hartuta.
Argazki lehiaketa antolatu dute
Proiektua osatzeko helburuarekin, Zumalakarregi museoak lehiaketa bat antolatu du. Parte hartzeko, gaur egungo argazki bat igo beharko da
mappingalbum.net webgunera, irailaren 15a baino lehen. Pauso hauek jarraitu behar dira parte hartzeko:
- Sartu www.mappingalbum.net webgunean.
- Aukeratu udalerria, mapan dauden puntuetako bat hautatuz.
- Aukeratu duzun puntuko grabatua arretaz begiratu.
- Udalerrian gaur egungo argazkia atera, grabatuan agertzen den irudiaren ikuspegia ahalik eta zehatzen mantenduz.
- Sartu berriro webgunera, eta argazkia igo. Horretarako, sakatu eskubiko zutabeko Parte hartu botoia, bete datuak eta erantsi argazkia.
Sariak eta erakusketa
Parte hartzen duten lehenengo hamar pertsonek aukera izango dute Zumalakarregin bertan egingo den dagerrotipo tailerrean parte hartzeko. Bestetik, jasotako argazki guztien artean ondorengo sarien zozketa egingo da: Goierriko landetxe batean bi lagunentzako egonaldia eta argazki kamera bat.
Jasotako argazkiekin erakusketa bat jarriko dute Zumalakarregin, urriaren 6tik aurrera.
Euskal Herria, paisaiak aldatzen izena izango du erakusketak.
Ormaiztegiko Udalaren lehiaketa
Ormaiztegiko Udalak ere lehengo eta gaurko paisaia alderatzeko argazki lehiaketa du martxan, baina kasu honetan Ormaiztegi oinarri hartuta.
Ormaiztegi, lehengo eta gaurko begiradak izena du lehiaketak. Izan ere, parte hartzaileek gaur egungo argazkiak atera beharko dituzte herrian, baina argazki zaharrak eredu hartuta. Horretarako, Zumalakarregi museoan ikusgai jarri dituzte XX. mendeko 25 bat argazki. Horietakoren bat aukeratu, eta leku berean gaur egungo argazki bat atera beharko da.