Igartzako mendi duatloiarekin hasiko da larunbatean Euskal Herriko zirkuitua
Beasainen haurren eta helduen probak antolatu dituzte. Goierrin beste bi proba jokatuko dira: irailaren 30ean Arriaranen eta azaroaren 5ean Zegaman
Aurten ere, Beasaingo Igartza auzoan jokatuko den V. Igartza mendi duatloia izango da Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko lehenengo proba puntuagarria. Hamar probek osatuko dute zirkuitua; sei Gipuzkoan dira eta lau Bizkaian. Goierrin, Igartzakoaz gain, beste bi lasterketa ere antolatuko dituzte: irailaren 30ean Arriaranen eta azaroaren 5ean Zegaman. www.kirolprobak.com webgunean eman daiteke izena.
Igartzako mendi duatloia izen bereko auzoan jokatuko da larunbatean, 16:00etan, Florenzio Axpe kaletik abiatuta. Ibilbidean ez da aldaketarik izango: kirolariek 5,41 kilometro egin beharko dituzte korrika lehendabizi; ondoren, bizikletak hartu eta 13,36 kilometroko itzulia egin beharko dute; eta lasterketa amaitzeko, txirrinduak utzi eta 3,15 kilometro osatu beharko dituzte. 18:30ean sari banaketa egingo dute. Parte hartzaile guztien artean hainbat sari zozkatuko dituzte eta ondoren luntxa izango da guztientzat. Zirkuitua ezagutu nahi dutenentzat, gaur 18:00etan, kiroldegian hitzordua jarri dute antolatzaileek.
Goizean, 11:00etan, hasita, haurren eta gaztetxoen lasterketak jokatuko dira: 11:00etan 2012-2014 urte bitartean jaiotakoen txanda izango da; 11:15ean, 2009-2011 artean jaiotakoena; 11:30ean 2006-2008koena eta; eta 12:00etan 2002tik 2005era bitartean jaiotakoena. 10:30etik aurrera egongo da izena emateko aukera.
Berrikuntzak
Euskal Herriko zirkuituari dagokionean, proba guztietan aurten bikoteka edo erreleboka parte hartzeko aukera izango da. Erreleboetan aterako diren bikoteek aparteko sailkapen bat izango dute eta denboraldi amaieran puntu gehien duen bikoteak txapela jasoko du. Proba bakoitzean ere saria egongo da bikote irabazlearentzat. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, bikotekideak ezingo dira aldatu eta bietako batek proba batera joaterik ezingo ez balu, bigarren kideak proba osorik egin beharko luke, «bestela, proba horretan 0 puntu izango lituzkete». Sailkapen orokorrari begira, bikote irabazleak 10 puntu jasoko ditu, bigarrenak 9, hirugarrenak 8… «eta hamargarrenetik aurrera, guztiek puntu bana». Lehenengo bikote mistoak 3 puntu «extra» jasoko ditu, bigarrenak bi eta hirugarrenak bat.
Beste berrikuntza bat ere bada aurten: taldekako puntuazioari dagokionean, iaz bezala, taldeko hiru lehenengoen (neska edo mutil) denborak batuko dira sailkapena egiteko, «baina taldekidea den neska, emakumez-koen sailkapen orokorrean lehena izan bada, bere taldeari 3 puntu extra gehituko zaizkio, bigarrena bada 2 eta atzerago geratu bada puntu 1».
Mendi duatloi zirkuitua hamar proba
- Larunbatean. Beasainen, Igartza auzoan.
- Irailaren 9an. Ibarran (Gip.). Irailaren 16an. Zeanurin (Biz.).
- Irailaren 23an. Urduñan (Biz.).
- Irailaren 30ean. Beasainen, Arriaran auzoan.
- Urriaren 7an. Ean (Biz.). Urriaren 14an. Usansolon (Biz.).
- Urriaren 22an. Amasan (Gip.). Euskal?Herriko txapelketa jokatuko da.
- Azaroaren 5ean. Zegaman.
- Azaroaren 18an. Getarian (Gip.).












