«Hiri Galduak musikariok bizi dugun egoeraren ondorioa da»
Josu Calvo musikariak (Zumarraga, 1982) Hiri Galduak egitasmoa jarri du abian. Paititi diskoa kaleratu du eta bihar kontzertua emango du Areizaga-Kalebarren plazan. Nolatan musika zalea? Beti gustatu izan zait musika
Josu Calvo musikariak (Zumarraga, 1982) Hiri Galduak egitasmoa jarri du abian. Paititi diskoa kaleratu du eta bihar kontzertua emango du Areizaga-Kalebarren plazan.
Nolatan musika zalea?
Beti gustatu izan zait musika entzutea eta duela hamabi-bat urte gitarrarekin saltsan ibiltzen hasi nintzen. Apple enpresak musika grabatzeko programa bat dutela ikusi nuen (Garage Band) eta, abesti batzuk nituenez, maketa batzuk grabatzea erabaki nuen. Jon Pinillos baxu jotzaileari maketa batzuk nituela eta talde bat sortzea proposatu nion. Ondoren, Mikel Arriarani bateria jotzea eskaini genion. Hala, Hi Exekutibo taldea sortu genuen.
Hiri Galduak, berriz, bakarkako ekimena da.
Gaur egungo egoeraren ondorioa da. Izan ere, taldeok zailtasun asko ditugu: ez dago lokalik, tabernetan talde bat sartzea oso zaila da… Hori dela eta, beste zer edo zer egitea erabaki dut. Esperimentu bat da. Diskoa Basaurin grabatu dut, Hi Exekutiboren bigarren diskoa grabatu genuen estudio berean. Joan nintze-nean gitarra akustikoa, ahotsa eta koro batzuk bakarrik nituen. Abesti batzuk ez zuten hitzik. Hortik, lagun batzuen laguntzarekin, zortzi abestiko diskoa atera da. Abesti guztiak euskaraz dira.
Zer kontatzen duzu abestietan?
Sei abestiren hitzak nireak dira eta beste biak Jon Pinillosek idatzi ditu. Diskoak azken hilabe- teetan etxean bizi dugun egoera islatzen du. Amona hil zitzaigun eta abesti batzuk ilunak dira. Beste batzuk, ordea, baikorrak dira. Aurrera egin beharra aipatzen dute. Musikariok bizi dugun egoera ere aipatzen dut: beti abesti on baten bila gabiltza, baina talde asko daude eta oso zaila da ezagutzera ematea. Kanta melengak ere badaude. Izan ere, musika akustikoa da eta punk-rock-eko hitzak ez dira egokiak musika horretarako.
Zer diozu musikari buruz?
Pop akustikoa da. Ahotsa eta gitarra akustikoa dira oinarria.
Non jarri duzu salgai diskoa?
150 ale kaleratu ditut eta Fox eta Motz tabernetan egongo dira salgai. Publiko guztientzako musika da, baina egun inork ez du disko bat erosten. Bideoek jende gehiago erakartzen dute. Sin-glearen bideoa Youtube-n ikus daiteke. Bideo hau Londresen dagoen euskaldun batek egin du. Bideoaren helburua kontzertuak lortzea zen eta emaitza onak ematen ari dela dirudi. Bestalde, abestiak Spotify-n ere egongo dira.
Zuzenekoetan zuk bakarrik joko al duzu?
Bederatzi kontzertu ditut lotuta eta horietan ni bakarrik arituko naiz. Baina agerleku handiagoetan talde batekin jotzeko asmoa dut. Horregatik jarri diot Hiri Galduak izena egitasmoari, eta ez Josu Calvo. Dagoeneko batzuei nirekin jotzea eskaini diet.
Bihar, 19:30ean, Urretxu-Zumarragan joko duzu.
Zarraparraz taldeko lagunek deitu zidaten herrian jotzeko eta aukera hori ezin nuen galtzen utzi. Izan ere, beraiek antolatzen dituzten kontzertuetara jende dezente joaten da. Nire asmoa lehen kontzertuak herritik kanpo ematea zen. Izan ere, herrian lagunen eta ezagunen babesa duzu. Benetako errealitatea herritik kanpo bizi duzuna da. Herrian aurrerago jotzeko asmoa nuen.
Zergatik jarri diozu Hiri Galduak izena proiektu honi eta ‘Paititi’ diskoari?
Hiri Galduak izenak indarra du eta jokoa ematen du: abestiak sortzeko, diskoen azalak egiteko, diseinuak egiteko… egokia da. Paititi inken hiri galdu bat da eta izen exotikoa dela iruditu zait. Diskoari izena emateko ona.
Zertan da Hi Exekutibo taldea?
Stand-by egoeran gaude, baina hirugarren diskoa ateratzeko asmoa dugu. Hiri Galduak eta Hi Exekutibo oso ezberdinak dira, baina Hi Exekutibo taldearentzat egindako abesti batzuk Hiri Galduak egitasmorako moldatu ditut. Zaindu zure sena single-a, esaterako, Hi Exekutibo taldearentzat idatzi nuen.