Mikel Alonsok txirrindularitza utziko du
Goierriko txirrindulari harrobiko promesetako batek, Mikel Alonso gazteak (Ormaiztegi, 1999) txirrindularitza uztea erabaki du. Hala jakinarazi du, sare sozialetan zabaldutako ohar baten bidez. Bederatzi denboraldi egin ditu gurpil gainean, eta denboraldiko azken lasterketak “ahalik eta ondoen” bukatu eta gero, utzi egingo du. Erabaki “zaila” izan dela dio, baina urte hauetako ibilbidean ezagututako pertsonekin eta “familia berezi horretako partaide” sentitu izanarekin gelditzen dela. Eskerrak eman dizkie bidelagun izan dituen guztiei, eta baita Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz eta Loinatz Txirrindulari Elkartea ere.
Gazte eta afizionatu mailetan garaipen ugari lortutakoa da Alonso. Kadete mailako Gipuzkoako Txapeldun izan zen 2014an. 2016an, Espainiako Txapelketa irabazi zuen taldeka, Euskadiko Selekzioarekin. Aurten ere lortu du garaipen bat, Segurako Santikutz proban. Azken urteak, Ampo-Goierriko TB taldean egin ditu.
Mikel Alonsoren oharra: “Denboraldi amaiera gerturatzen da. Gelditzen diren azken lasterketetan ahalik eta ondoen egiten saiatuko naiz. Izan ere aurtengoarekin nire bederatzigarren eta azken denboraldia ematen dut amaitutzat. Zaila da urte hauetan zehar nire egunerokotasunean hain finkatuta egon denari agur esatea. Baina hasiera orok du amaiera bat. Amaitzen dudan etapa honetatik garrantzitsuenarekin geratzen naiz, txirrindularitzari esker ezagutu ditudan pertsonekin. Benetan, ohore bat izan da kirol honen inguruan sortzen den familia berezi horretako partaide izatea. Azkenik, eskerrak eman nahi ditut urte hauetan zehar laguntzen egon zareten @goierrikotb eta SC Loinaz. Ez dut ahaztu nahi entrenamentuetan lagundu didaten Txiringitoko lagunekin eta Emaitz, Ainhoa. Eta nola ez gertukoenekin. Txirrindularitza utziko dut, bai, baina kirol honekiko daukadan zaletasuna ez da agortuko. Eta beraz, era batera edo bestera… lasterketetan ikusiko gara!”