"Urriaren 1ean demokrazia dago jokoan, botoaren balioa da jokoan"
Goierriko Gure Esku Dagok urriaren 1ean Katalunian egitekoa den erreferendumari babesa emateko eta gaur zortzi Bilbon Bozkatu erabakitzeko eta Demokrazia lelopean egingo den manifestaziora deitzeko elkarretaratzea egin zuen atzo arratsaldean Beasainen. “Ilusioz bizi dugu une historiko hau. Ilusioz, itxaropenez, arduraz eta, batez ere, arretaz. Kataluniak urriaren 1ean hitzordu bat du demokraziarekin, hitzordu bat du etorkizunarekin. Urriaren 1ean bide emango zaio katalanen hitzari eta borondateari. Gehiengo zabalez, etorkizuneko estatus politikoa erreferendum baten bidez erabakitzera doaz. Kataluniako herriaren ametsa betetzera doa eta haien ametsa gurea ere bada: herritar gisa erabakitzea”.
Gure Esku Dagoren ustez, demokraziarekin eta erabakitzeko eskubidearekin konpromisoa duen edonor ezin da ezer esan gabe gelditu egoera honen aurrean. “Urriaren 1ean, demokrazia dago jokoan, botoaren balioa dago jokoan, bozkatzeko askatasuna dago jokoan, eta herritar guztien duintasuna dago jokoan, edozein dela haien pentsaera eta edozein dela haien jatorria. Demokratok ezin gara begira gelditu, ea zer pasatzen den urriaren 1ean. Mobilizatu beharra daukagu funtsezko askatasunen defentsan, mobilizatu behar dugu katalanek bozkatu ahal dezaten, gure bozkatzeko askatasuna ere jokoan dagoelako”.
Goierriko ordezkariak “kezkatuta eta arduratuta” gaude katalanen bozkatzeko nahiari eta erabakitzeko eskubidea erabiltzeari Espainiako Estatutik iragartzen ari diren “erantzun demofobikoekin”. Gure Esku Dagoren esanetan, herritarron ardura da “autoritarismoari” aurre egitea. “Euskal herritarron babesak balio behar du zigor bidea, neurri errepresiboak eta mehatxuak alde batera geldi daitezen. Erabakitzeko bozkatzea demokrazia delako, ulertezina da erreferenduma auzitegien jomugan jartzea eta herritarren botoaren balioa ukatzea. Kataluniako herritarren gehiengoaren borondate demokratiko eta baketsuari erantzuten dio erreferendumak, eta, horregatik, erreferenduma posible izan behar da“.
Manifestazioa Bilbon hilaren 16an
Datorren larunbatean Bilboko La Casillatik 17:30ean abiatuko den manifestazioa “mobilizazio herritarra, anitza eta bateratzailea” izango da, eta, desberdintasunen gainetik, erabakitzeko eskubidearen alde dauden herritar eta sektore guztiak biltzeko borondatea du. “Testuinguruak eskatzen duen tamainako erantzuna eman nahi dugu Euskal Herritik. Demokraziaren eta erabakitzeko eskubidearen alde dauden indar guztiak batu nahi ditugu. Denon artean babesa eta elkartasuna adierazi nahi diogu Kataluniako herriari eta urriaren 1eko erreferendumari; baita Kataluniako erakundeei ere, eztabaida politikoari bide emateko erakutsi duten borondate irmoagatik, herritarren hitza eta erabakia lehenesteagatik eta hautetsontzietan jasotako agindua betetzeko hartutako konpromisoagatik”.