Hamar urte kontzientzia ekologikoan sakontzen
Goierriko Bizitza eta Nekazaritza Ekologikoaren X. Hamabostaldia irailaren 16tik 23ra egingo da. Tailer, hitzaldi eta bisita bana, eta bi aurkezpen dakartza aurtengoak, sentsibilizazio lana ardatz duela.
Elikaduraren eta kontsumitzen diren elikagaien inguruan kontzientzia sortzea eta sentsibilizazioa izan ditu helburu sorrera garaitik Goierriko Bizitza eta Nekazaritza Ekologikoaren Hamabostaldiak. Lehen bi edizioak –2008 eta 2009– Ordiziako Goierriko Baratza dendak eta Beasaingo Bioqiros zentroak elkarlanean antolatu zituzten urrian, eta 2010. urtetik aurrera Zeraingo Azoka Ekologikoaren jarraipen modura garatu izan da iraileko bigarren hamabostaldian. Lehen edizio hura berritasuna izan zen Goierrin, eta ekitaldi publiko bat eginez aurkeztu zuten Ordiziako D’elikatuz zentroan. Ekonekazaritza elkartearen argazki lehiaketaren sariak ematearekin bat, Lurdes Artacho makrobiotika sukaldari kataluniarrak egindako pintxoak dastatu zituzten. Herritarren harrera ikusita, urteen poderioz indarra hartu duen zikloa izan da, eta Goierriko herri gehientsuenetan antolatu izan da hitzaldi, tailer edo bisita gidaturen bat. Bost ekitaldi astebetean Hamar edizio igaro dira harrezkero, eta aurtengoa 15 egunera zabalduko ez bada ere, bost ekitaldi pilatu dituzte astebetean. Larunbatean, hilaren 16an, hesteetako bakteriak zaintzeari buruz aritzeko tailer bat izango da Ordiziako D’elikatuzen. Dagoeneko ez dago parte hartzeko tokirik –50 lagunek eman dute izena–. Hilaren 19an, Goierriko?Baratzaren Kontsumo Taldea aurkeztuko dute Barrenan. Oraingoz dozena bat lagunek eman dute izena –20rentzako tokia dago–, eta Unai Romanek Ataunen ekoitzitako barazkiak hartuko dituzte. Otar txiki eta handia izango dituzte aukeran. Asteazkenean, hilak 20, Clara Gutierrez biologoak baratzea modu ekologikoan lantzeko aholkuak emango dizkie Zeraingo kultur etxera inguratzen direnei. Azken bi ekitaldiak Goierriko abeltzaintza eta haragi ekologikoarekin lotuta daude. Ale honetako 6-7 orrialdeetan duzue gaiari buruzko informazioa.