Terra Incognita taldea, beste aire bat Gabirian
Beste musika proiektu batzuetatik elikatuta, Terra Incognita musika taldea osatu dute lau gazte gabiriarrek. Mutrikun joko dute, gaur, euren bigarren kontzertua. Estilo akustikoa tresnekin jantzi dute.
Aisago deskubritzen eta marrazten dugu terra incognita imaginario bat, non eta geu garen autore; milaka egile eta desegileren manupean bizi garen territorio mugagabe eta konfliktiboa baino». Joseba Sarrionandia idazlearen hitzak dira. Kontzeptu horrekin izendatu dute Gabiriako lau gaztek hasi duten proiektu musikal berria: Terra Incognita taldea.
Ekainean sortu zuten, herrian bertan. Aurreneko kontzertua Donostiako Txantxarreka gaztetxean eman zuten, uztailaren 16an, Igande Akustikoa zikloan. Gaur dute jendaurreko bigarren emanaldia, Mutrikuko (Gipuzkoa) Txirrist tabernan, 19:00etan. Arantzazun ere kantaldi inprobisatu bat egin zuten, abuztuaren bukaeran, «inori ezer esan gabe».
Hain justu, musika akustikotik abiatuta, instrumentazio ugariagoa erantsi dio Terra Incognitak. Eñaut Asurabarrena (gitarra eta ahotsa), Iñaki Rezusta Txasio (gitarra), Iban Maiz (baxua) eta Jon Sagarna (bateria) dira kideak.
Bi iturritatik ibaia hornitu
Oinarri musikalean Ez Aurkeztuak bikotearen errepertorioa dauka Terra Incognitak. Asurabarrenak eta Maren Basterretxea berriatuarrak 2015 hasieran eratu zuten proiektu hura, gitarraz eta ahotsez.
«Beste buelta bat» emango dio laukoteak Ez Aurkeztuaken lanari. Abestiak Asurabarrenarenak eta Basterretxearenak dira. Beste bertsio batzuk joz osatu du Terra Incognitak eskaintza.
Bestetik, Gabiriako musika mugimendutik edan du talde berriak. Guri5 erromeria taldeko bi kide batu dira, Txasio eta Sagarna. Maiz, berriz, herriko jaietarako elkartu izan den musikari multzotik dator, lehen Katainekin trikitilari ibili ondoren.
Akustikotik instrumentaziora, sorkuntza bideratzeko beste aukera bat ireki dute.













