Aitor Mantxola: «Ez naiz artzaina bokazioz, baina ez nuke beste ezergatik aldatuko»
Gipuzkoako gazta onenaren saria jaso du aurten Mantxolak (Legazpi, 1981) Makatza baserriaren izenean. Artzain izateko asmorik ez zuen arren egun ez luke ofizioa aldatuko.Gipuzkoako Artzain Egunean gazta onenaren saria jaso eta oporretara joan zinen. XX...
Gipuzkoako gazta onenaren saria jaso du aurten Mantxolak (Legazpi, 1981) Makatza baserriaren izenean. Artzain izateko asmorik ez zuen arren egun ez luke ofizioa aldatuko.
Gipuzkoako Artzain Egunean gazta onenaren saria jaso eta oporretara joan zinen. XXI. mendeko artzainak oporretara joaten al dira?
Bai, zalantzarik gabe. Alabaina, oporretan joan ahal izateko baten bat utzi behar duzu guztiaren arduradun eta edozein garaitan ere ezin zara joan. Beste edozein lanbidetan bezala, ezta? Baimena eskatu behar da oporrak hartzeko.
Zein da oporretara joan ezin zaren garai hori?
Gurean neguan eta udaberrian ibiltzen gara lanpetuen. Artzain guztientzat lan gehien dagoen aroak ez dira berberak izaten. Guk bi sasoi horietan ardiak jezten ditugu eta gazta egiten dugu. Azaroan arkumeak jaiotzen dira eta ardiak hilabete batez egoten dira arkumeei esnea ematen. Gero egunean bi aldiz jezten ditugu eta gazta bi egunez behin egiten dugu.
Nolatan artzain?
Pedro Gabiria aitaginarrebari ebakuntza egin behar zioten eta baserrian [Makatza] laguntzen hasi nintzen. Ez nuen han lanean geratzeko asmorik; lantegi batean ari nintzen orduan. Ofizioa gustatzen hasi zitzaidan. Hala ere, ez da bakarrik gustatzea, honetarako balio behar duzu eta orduan ez nuen uste ni honetarako balio nuenik.
Baina balioko zenuen, izan ere lana utzi eta Makatzan hasi zinen buru-belarri.
Hala ematen du. Lana baserrian gehiago bada ere, lasaiago lan egiten duzu. Lan asko egin behar den une asko dira, baina pixka bat antolatuta ateratzen duzu.
Zein da egunero egiten duzun lehenengo lana?
Ardiak jetzi. Guk 250 buruko artaldea daukagu. Gure ardiak baserri inguruan izaten ditugu eta egunero jetzi behar dira. Egia da ez ditugula sekula denak batera jezten. Izan ere, ardi guztiek ez dituzte aldi berean arkumeak egiten. Gurean gehienek azaroan egiten dituzte eta beste kopuru batek martxoan; martxorako uzten ditugu azaroan arkumerik egin ez dutenak. Edozein kasutan, jezteko lan horretan ordu eta erdi ematen dut egunero.
Etxean ikasi duzunaz gain, kanpoan prestakuntza jaso al duzu?
Bai, etxean ikasi dut eta Arantzazuko Artzain Eskolan ere bai. Iaz ibili nintzen ikasten eta ikasten ari nintzen bitartean lan askoko garaia suertatu zen, gure bigarren umea jaio zen eta zoratzeko modukoa izan zen, baina aitona-amonen laguntzarekin moldatu ginen.
Artzain Egunean saria jasotzea eta Legazpin bertan jasotzea pozgarria izango zen, ezta?
Bai, ilusio handia egin zigun. Gure etxekoak beti ibili dira lehiaketatan baina ez dute lehenengo saririk lortu. Legazpin jasotako sariak lanean jarraitzeko gogoa indartu zigun. Ondo ari garela ere berretsi zigun, hori norberak badaki, sariak baieztatu egiten du.
Orduz geroztik gazta gehiago saldu al duzue?
Ez bereziki. Legazpiko txapelketa ez da Ordiziakoa, eta gazta salmenta ez da garai batean bezala egiten. Lehen erosleak gure etxeraino etortzen ziren gazta erostera, orain oso gutxi dira baserrira datozenak, gu ibiltzen gara inguruko azoketan. Ohitura kontua da. Egun jendeak, oro har, supermerkatuetan egiten ditu erosketak.
Gazteak artzaintzara animatzen ari zaretenaren adibidea zara?
Beti egon dela uste dut. Familiatik jaso eta ekin diotenak daude, hori da nire kasua. Izan ere, hutsetik hasi beharko banintz ez nintzateke hasiko, hori argi daukat. Oinarri gisa ezer ez baduzu ofizio zaila dela uste dut: gutxienez lur sail bat behar da ardiak bazkatu daitezen.
Dena dela, Arantzazun hutsetik hasteko prest zeudenak ezagutu nituen nik eta artzain izango zirela oso argi zuten. Seguru nago lortuko dutela beraiengan erabat bokaziozkoa delako. Ni ez naiz artzaina bokazioz, baina gaur-gaurkoz ez nuke beste ezergatik aldatuko.













