Bihar 'On egiñaren obaria' dokumentalaren aurre estreinaldia da Arriaranen
Intxaurpen 18:00etan egingo dute aurkezpena. 'Arriantxo' sasi medikua eta sendabelarrak dira gai nagusiak. Bittori Garmendiak, Modesta Mintegik eta Maitere Mendizabalek ere parte hartu dute
Arriarango herri memoria berreskuratzeko ahaleginean ari dira arriarandarrak, auzoko nekazal bizitzaren eta paisaiaren eraldaketa ezagutzera emanez. Helburu hori lortzen laguntzeko On egiñaren obaria dokumentala osatzen ari dira ikus-entzunezko komunikazio ikasketak egiten ari diren Andoni Mikelarena beasaindarra, Xabier Mendizabal ordiziarra, Markel Bazanbide arrasatearra eta Beñat Abasolo aretxabaletarra. Bihar, 18:00etan, Arriarango Intxaurpe elkartean, dokumentalaren trailerra edo aurrerapena eskainiko dute, Ondarearen Europako Jardunaldien barruan.
Jose Frantziszko Arsuaga Arriantxo sasi medikua Arriarango Ola baserritik Legazpiko Zabaleta baserrira joandako Jose Domingoren semea da dokumentalaren haria markatuko duena. 1821. urtean jaio zen Arriantxo eta 88 urterekin hil zen 1909an. Animaliak eta pertsonak sendatzen aritzen zen, zaldi zuriaren gainean. Gaixotasunak antzemateaz gain, sendagaiak ere berak prestatzen zituen, sendabelarren laguntzarekin. Martin Ugarte Saletxek 1972an On egiñaren obaria liburua argitaratu zuen, Arriantxo sasi medikua protagonista zuela. Arriantxoren bizitza nobelatuz garaiko nekazal gizartearen argazkia egin zuen Saletxek 200 orrialdetan.
Dokumentala
Arriantxoren jakinduria, era batera edo bestera, belaunaldiz belaunaldi pasatu izan da. On egiñaren obaria dokumentalak, Arriantxoren bizitza azaltzearekin batera, auzoko hiru baserrietako hiru amonen testigantzak ere jaso ditu; Saltsamendi baserriko Bittori Garmendiarena, Salbatoreko Modesta Mintegirena eta Ola baserriko Maitere Mendizabalena. Xabier Mendizabalek aurreratu duenez, bi atal ditu dokumentalak: «Batean, Arriantxok sendabelarren arloan egindako lanaren garrantzia ezagutzera ematen da, eta bestean, gaur egungo amonek beraien gurasoetatik sendabelarrei buruz jasotako jakinduria». Era horretan, «oraindik ere Arriantxoren ereduak jarraitzen duela erakutsi nahi izan dugu, nahiz eta aurrera begira, etena datorrela ikusten den», gaineratu du Bazanbidek. Eten hori geldiaraztea ere badu helburua dokumentalak.
Lehenengo lana
Dokumental egileen lehenengo lan «handia» izan da eta gustura daude arriarandarrek eskaini dien aukerarekin, eta arriandarrek lana erraztu dielako. «Arriaran izaera eta nortasun handia duen auzoa dela ikusi dugu».
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.