Urte hasieran hainbat dendarik ikastaroa egin zuten. Adinekoentzat dendak egokitzeko moduen berri eman zieten. Neurri gehienak «zentzuzkoak» direla dioteEusko Jaurlaritzaren proiektua da Euskadi Lagunkoia. Saltokiak 65 urtetik gorakoentzat espazio la...
Eusko Jaurlaritzaren proiektua da Euskadi Lagunkoia. Saltokiak 65 urtetik gorakoentzat espazio lagunkoiak, erosoak zein errazak bihurtzeko xedea du proiektuak. Adina ez da aldagai bakarra, mugikortasun arazoak, ikusmen zein entzumen zailtasunak dituztenentzat ere saltokiak gune lagunkoiak bihurtu nahi dituzte. Ekimena Legazpira iritsi da eta zortzi saltokiri egindako lana eskertu dio udalak ekitaldi xume baten bitartez. Diploma bana eman diete egitasmoan parte hartzen ari diren saltokietako jabeei. Oraingoz, Legazpin zortzi dira Denda Lagunkoiak.
Aurreko urtarrilean ikastaro bat egin zutela dio Rafa Urtzelai zapata saltzaile legazpiarrak. Diploma jasotzeko deia jaso zuenean ikastaroa ahaztuta zuela gehitu du, izan ere, «han jaso genituen aholkuak hain zentzuzkoak dira gurean aspaldi jarraitzen ditugula». Urcelay zapata denda Legazpin zabalik dagoela 75 urte beteko dira hurrengo urtean eta Urtzelai ohituta dago adineko bezeroak hartzen, «dendan ditugun eserlekuak aspaldi aldatu genituen errazago jarri daitezen eta arrapala bat ere badaukagu mugikortasun arazoekin datozen bezeroentzat».
Adineko bezeroak
Rafa Urtzelai oso kontziente da zuzeneko tratua dela Legazpiko denden «defentsa bakarra». Dioenez, «saltoki handien aldean guk zuzeneko tratua ematen diegu bezeroei. Horrenbeste urteren buruan guretik belaunaldi ezberdinak pasa dira jada». Gehienetan bezeroak oso ezagunak ditu eta, noiz edo noiz, nagusien kasuan haien etxeetara joatea egokitu zaio zapata parea eskuetan, «guk nahiago dugu dendara etor daitezen, beti ere, baldin badatoz osasuntsu daudenaren seinale delako, baina etxeetara ere joan gara». Bere kasuan, bezero asko adinekoak dira eta Denda Lagunkoiak kanpainak jasotzen dituen aholkuak egunerokoan erabili izan ditu aspaldi. «Finean, gure lana eroso sentitu daitezela da».
Cloti Osinalde Lanbroa belar-dendako jabeak ere jaso du Denda Lagunkoiaren diploma. Orain, Kale Nagusian egiten ari diren lanak direla eta, adineko bezeroei besotik heldu, eta dendatik ateratzen laguntzen die. Urtzelaik dioenaren haritik, Osinaldek ere adineko zein zailtasunak dituzten bezeroei erraztasunak eman dizkie aspaldi, «zentzuz jokatzea baino ez da». Dendan komuna dauka eta sarrera gurpil-aulkientzat egokituta dago.
Biek ala biek diote ongi dagoela errekonozimendua eta gustura hartu dute Denda Lagunkoi gisa identifikatuko dituen pegatina. Aulkiak ere emango dizkiete dendatan jarri ahal izateko.
Momentuz zortzi dira ekimenean parte hartu duten dendak: Urcelay zapata denda, Lanbroa belar denda, Poxpolin, Mari Carmen frutategia, Korosti aholkularitza, Alberdi arropa denda, Ruth lora denda eta Laga tindategia eta udaletik Legazpiko saltoki guztiak animatu nahi dituzte. Udaletik beste dendariak ere animatu nahi dituzte.