Bertatik Bertara egitasmoak Gabonetako saskiak banatu ditu
Sasoiko eta bertako hainbat produkturekin osatutako zazpi saski zozkatu dituzte. Proiektuarekin bat egiten duten jangela kolektiboetan egin dituzte aurten zozketakBertatik Bertara egitasmoak Goierriko hainbat herritako baserritar ekoizleen produktuak e...
Sasoiko eta bertako hainbat produkturekin osatutako zazpi saski zozkatu dituzte. Proiektuarekin bat egiten duten jangela kolektiboetan egin dituzte aurten zozketak
Bertatik Bertara egitasmoak Goierriko hainbat herritako baserritar ekoizleen produktuak ezagutzera emateko lanean jarraitzen du. Horren barruan, aurten ere, Gabonetako saskien zozketak egin dituzte proiektuarekin bat egiten duten jangela kolektiboetan. Guztira, sasoiko eta bertako produktuekin osatutako zazpi kaxa zozkatu dituzte.Bertatik Bertara egitasmotik jakitera eman dutenez, aurten zozketak jangela kolektiboetan egitearen arrazoia ez da ustekabea. Zentzu honetan, urte guztian zehar egiten den lana ikusarazi nahi dute. Izan ere, pixkanaka pausoak ematen ari dira «eskualdeko jangeletan erabiltzen diren bertako produktuak gero eta gehiago izan daitezen», diote. Batetik, «ikasleen elikadura osasuntsua» bultzatzeko helburuarekin. Eta bestetik, «haurrengan gaztetatik bertako produktuen aldeko kontzientzia sustatzeko». Eta noski, baita «gure baserritarren produktuei merkatu berri eta egonkor bat irekitzeko» ere.
Bertakoak eta sasoikoak
Bertatik Bertara proiektuarekin bat egiten duten jangela kolektiboak ondokoak dira: Legazpiko Meazti etxea, Urretxu-Zumarraga ikastola, Urretxuko Gainzuri ikastetxea, Ormaiztegiko San Andres eskola eta Ezkioko eta Gabiriako eskola txikiak. Hauek izan dira zazpi kaxen irabazleak. Teo eta Luka Alvarez Urretxu-Zumarraga ikastolan; Urko Mungia Gainzurin; Unai Mendizabal Ezkion, Maier Larrañaga Ormaiztegin eta Xabat Elgarresta Gabirian. Legazpiko Meazti etxeari dagokionez, berriz, egun hauetako menuak prestatzeko erabiliko dituzte saskiko produktuak.
Zazpigarren saskia Bertatik Bertararen Facebook orrialdeko jarraitzaileen arten zozkatu dute. Diotenez, «gero eta jarraitzaile gehiago ditugu plataforma horretan, eta gure proiektua ikustarazteko bide nagusietako bat bilakatu da». Zumarragako Leire Alfonso izan da zortekoa.
Bertatik Bertara egitasmoak UGGASA Urola Garaiko Garapen agentziaren; Goimen Goierriko Landa Garapen agentziaren eta Legazpi, Zumarraga, Urretxu, Ormaiztegi, Ezkio, Itsaso eta Gabiriako udalen laguntza jasotzen du.
Sareak osatuz eta zabalduz
Gabonetako saskiak ondoko produktuekin osatu dituzte: Makatza (Legazpi), Erreizabal (Legazpi) eta Baztarrika (Gabiria) baserrietako gazta, Aikurreko (Urretxu) eztia, Kataraingo (Gabiria) sagarrak, Irigoneko (Urretxu) pastak, Agerreko (Urretxu) jogurtak eta Agerreko (Zumarraga) intxaurrak.
Egitasmo honen ardatz nagusietako bat «ekoizle eta merkatarien artean sareak osatu eta ahal den neurrian, eskualdean ekoiztutako produktuak bertako denda txikietan merkaturatzea» dela diote. Orain arte, Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako dendak bakarrik zeuden proiektuaren barruan, baina hil honetan «Ormaiztegiko Aliprox, Murua harategia eta Estankoa ere batu dira egitasmora». Azken hauekin, dagoeneko eskualdeko 18 denda daude Bertatik Bertara sarean.













