Ordiziako Boxeo Gauak 75 urte beteko ditu bihar
Herriko eta bailarako borrokalariek parte hartuko dute ekitaldian. Borroketako bat "garrantzitsua" izango da; izan ere, WBA Iberoamerikar gerrikoa lehen aldiz jokatuko delako Gipuzkoan.
Ordiziako Boxeo Guaren 75. urteurreneko aurkezpena antolatzaileak eta borrokalariak. Manex Usarralde Ordizia Boxing Ciclo Club elkarteak 75. aldiz antolatu du Boxeo Gaua herriko Beti Alai pilotalekuan. Jaialdia bihar izango da 22:00etan. Atzo, aurkezpena egin zuten Barrena Jauregian. Jaialdia internet bidez zuzenean jarraitzeko aukera egongo dela elkartearen youtubeko kanalean aurreratu zuten aurkezpenean.
75. urteurren jaialdian 8 borrokaldi izango dira boxeo eta K1 modalitateetan. Gainera, tartean Ordiziako borrokalari batzuk izango dira: Maite Maiztegi, Ander Bricio eta Andoni Korta. Horietaz gain, Goierriko beste batzuk ere parte hartuko dute Xabat Tolosa lazkaotarrak edo Ekaitz Jaunarena zumarragarrak bezala. Goierriko harrobia “indartsu” mantentzea da helburua.
Briciok hirugarren aldiz borrokatuko du Ordiziako jaialdian, eta bertan “presio handia” egoten dela azpimarratu zuen: “Gaur egun Ordizian bizi ez banaiz ere gogor entrenatu dut eta hori erakustera igoko naiz ringera”. Maiztegik lehen aldiz borrokatuko du, baina antolatzaileei berarekin “kontatzea” eskertu zien eta “dena emango” duela zin egin.
75 urteko ibilbidea
Ordiziako Boxing Ciclo Clubek 1952an hasitako ibilbideak Ordizia boxeoaren “ezinbesteko plaza” bihurtu duela adierazi zuen Madrazok: “Gure jaialdia Gipuzkoako eta Espainiako estatuko zaharrena da. Historia, kirol tradizioa eta pasioa lotzen ditu”.
Ibilbide horren “bultzatzaile” eta elkartearen “sortzaile” izan zen Mariano Galarza gogoratu zuen hizlariak “omentzeko” asmoz: “Bere lan nekaezinari esker 120 bazkideko elkarte gastronomiko honek bizirik mantendu du sugarra belaunaldiz-belaunaldi”.
Elkartearen zutabeak “genero berdintasuna” eta “euskara” direla aldarrikatu zuen Madrazok: “8 borrokaldietatik hiru emakumeen artekoak izango dira. Izan ere, berdintasuna mezuetatik haratago jokaeran islatu behar da”. Euskararen kasuan ere “erabileran” jarri du fokua hizlariak: “Kartelak, publizitatea eta aurkezpen ekitaldi guztiak euskaraz izango dira gure nortasunaren seinale”.
WBA Gerrikoa jokoan
Jaialdiaren 75. urteurrena ospatzeko borroka “garrantzitsu” bat egongo dela berretsi zuen Madrazok: “WBA Iberoamerikar gerrikoa lehen aldiz jokatuko da Gipuzkoan. Erlantz Tejadak Rodrigo Rene Caraballo venezuelarraren aurka neurtuko ditu indarrak”. Profesional mailako borroka bakarra izango da.
Tejadak joan den urtean Ordiziako Boxeo Gauan egin zuen profesionaletako estreinaldia. Ordutik, 7 borroka gehiago egin ditu eta denak irabazi gainera. Adierazi zuen bere ibilbideko borrokarik “gogorrena” izango dela, baina “ongi prestatuta” dagoela dio.
Caraballo daukana “erakusteko” gogoz azaldu zen. Biek, eskerrak eman zizkien antolatzaileei “maila horretako” borroka bat jartzeagatik, eta ringera igotzeko “gogotsu” agertu ziren.













