Garingo eta Idiazabalgo lasterketak, urteko lehenak
Goierritar askok eta askok urtea korrika bukatu bazuten ere, urte berriarekin batera, urtarrilean, bi lasterketa izango dituzte aukeran korrikalariek. Izena emateko epea irekita dago dagoeneko, www.kirolprobak.com webgunean.Korrika proben egutegia VI. ...
Goierritar askok eta askok urtea korrika bukatu bazuten ere, urte berriarekin batera, urtarrilean, bi lasterketa izango dituzte aukeran korrikalariek. Izena emateko epea irekita dago dagoeneko, kirolprobak.com webgunean.
Korrika proben egutegia VI. Garingo mendi lasterketak irekiko du, baita III. Goierri Trail Koparena ere. Sei proba puntuagarrietan lehenengoa da Garinen hilaren 21ean, 12:00etan hasita, 11 kilometroko ibilbidearekin jokatuko dena. Honela, lasterketa motzen edo sprint erako liderra Garinen erabakiko da. 300 lagunentzako muga jarri dute antolatzaileek; atzo dagoneko 120 lagunetik gora zeuden izena emanda. Iñigo Andreuren esanetan, ibilbidea zertxobait aldatu dute aurten: «Bigarren itzulian, Arriarango urtegira jaisteko bidea hartzeko, iaz baratz artetik joaten zen eta aurten garai bateko herri-bidetik da; eta hirugarren itzulian, berriz, azken jaitsieran, pistatik jaitsi ordez, basoan zehar jaisten da errepideraino».
Idiazabalen, hilaren 28an
Hilaren 28an, Idiazabalgo Herri Krosa izango da urtarrileko bigarrena; 38. edizioa beteko du aurten. 10,245 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek Idiazabalgo kaleetan, 12:00etan; Aurretik, 10:45etik hasita, mailaz maila, haurrek ere izango dute korrikan aritzeko aukera.
Zegama-Aizkorri
Bestalde, hilaren 15ean, maiatzaren 27an jokatuko den Zegama-Aizkorri maratoiko aurre izena ematea zabalduko da, www.kirolprobak.com webgnuan, otsailaren 2ra arte; baita IV. Kilometro Bertikalekoa eta VII. Junior trailekoa ere.













