Berdintasun Batzordearen gaurko bileran iritziak jasoko dituzte
Lazkaon herri mailako berdintasun ekimen bateratua antolatzeko asmoz, udalaren Berdintasun Batzordeak gaur egingo du bigarren bilera irekia, 19:00etan, udaletxean. Herritarren ideiak, iritziak eta ekarpenak jasoko dituzte gaur. Abenduaren 12an egin zen...
«Berdintasun Batzordeak urrats bat gehiago egin nahi du, eta herriko eragileei eta interesatuta egon daitekeen edonori dei egiten dio, gaurko bileran parte hartzeko», aurreratu du udalak.
Urtean zeharrerako, data seinalatuetan jardutea eta eragitea adostu zen: martxoaren 8ko Emakumeen Egunean, apirilean herriko jaietan, ekainean LGTBI kolektiboaren eskubideak aldarrikatzeko, eta azaroaren 25ean indarkeria matxistaren aurkako egunean.
Ekarpenak egiteko bideak
Egutegia «irekita» utzi dute, hala ere, beste edozein unetan «aproposa izan daitekeen ekintzaren bat» egiteko. Bestetik, udalaren beste sail batzuekin gai jakinetan lan egiteko proposamena ere egin du Berdintasun Batzordeak.
Gaurko bileraz gain, herritarrek beste bide batzuetatik ere eman ditzateke ideiak: posta elektronikoz mezua idatzita (gizarte@lazkao.eus), batzordearekin bat eginda lanketa egin daitekeela iruditutakoan, edo ekitaldi zehatzetarako laguntzeko prestasuna erakutsita (udaletxean jakinarazita).
Berdintasun gaietan «elkarlana areagotu» nahi du orain batzordeak, Lazkaoko eragile eta norbanako gehiagorekin batuta. Udalak onartuta daukan I. Berdintasun Plana jarri du proiektuaren abiapuntu, «emakumeak ahalduntzea eta indarkeria» oinarri jarrita.













