Mimosa eta sahats adarrak agertu dira, landare berriak ere badira salgai, eta txori kantuak egunak luzatzearekin bat hasi direneko kontuak berriketa gai izan dira azkeneko ferian.
Eguraldi hotzak eta elur iragarpenak indarra hartu bazuten ere hizpideen artean, natura lozorrotik ateratzen hasi denekoa nagusi zen: «Eguna nabarmen luzatu da», «Zoxoak ere hasi dira puntaz punta kantari», «Baita txepetxak eta torrotxoriak habiak egiten ere, kurioso asko gainera». Saltzaile, erosle edo feria zale zenbaiten artean sortutako berriketaldi gozoetan jasoak dira guztiak. Naturarekin harreman estua duen lagun asko elkartzen da astero azokan, duten entzute eta obserbazio gaitasuna jakituri iturri natural bihurtua dute.
Produktuek ere esnatze seinaleak eman dituzte; lehen sahats eta mimosa adar loratuak salgai ziren. Landareetan, berriz, marrubiak eros daitezke (0,80 euro bakoitza); ilarra ernatu eta 10-15 zentimetro inguruko landarea ere bai, 0,15 euroan bakoitza; eta bitarteko porrua, azkenik, 3,5 euroan ehuneko sorta.
Sagar aukera, aldiz, murriztu egingo da. Izan ere, Amaia Alkorta Idiazabalgo Kalbariokoak etortzeari utzi baitio.
Ahuntz gazta freskoa
Gaztari buruz bi erreferentzi aipa ditzakegu. Batetik, astero Salba Kuadradok salgai izan ohi duen ahuntzaren gazta freskoa bukatu dela udaberrira arte, apirila edo maiatza, ahuntzak berriz ere erditu eta esnea ematen hasten diren arte. Bestetik, ardi gazta egiten hasi dira artzainak, eta bi hilabete ontzen utzi ondoren laster izango da berri hau salgai. Ordizian Artzain Eguneko feria berezian emango zaio ofizialki hasiera denboraldi berriari, aurten apirilaren 4an.
San Blas opila
Urteroko legez, San Blas eguna hurbiltzearekin bat otsailak 3 Maite Iturbe okin legazpiarrak opilak egin eta salgai jartzen ditu. Aurten ere bai, eta atzo salgai zituen. Lan dezentea duela aitortzen zuen arren, urtea joan urtea etorri prezio berean ditu, 1,5 euroan bakoitza. «Sable gisako masa du, irina, azukrea, arrautza, gurina eta anis haziak erabiliz egina, ondoren merengea gainetik, hori gogortzen utzi» eta, pazientzia handiena galdatzen duena, « banan banan San Blas gainean txokolatez idaztea». Lana lan, bezeroa tentatzeko aproposa.