Aztirian XX. mendi lasterketa, igandean
Lasterketaren XX. edizioan 215 korrikalari daude izena emanda, inoizko gehiena.
XIX. Aztiriako mendi lasterketako podiuma.Gotzon Aranburu Aztiriako XX. Mendi Lasterketa jokatuko da igandean. Inoiz baino korrikalari gehiagok eman dute izena; oraingoz, 215ek. Gaur itxiko da izen-emate epea (Rockthesport.com).
Santa Marina jaiak ospatuko dituzte ostiraletik igandera. Kultura eta kirol eskaintza zabala izango da, eta mendi lasterketa horietako bat gehiago dela adierazi du Miren Deba antolatzaileetako batek: «Festetara jende gehiago erakartzeko helburuarekin sortu zen lasterketa».
Debaren ustez, lasterketa izaten den urte sasoia ez da egokiena jendea erakartzeko: «Udan korrikalari gehienek denboraldia amaitzen dute». Era berean, «hemen oporretan» dabilen jendeari parte hartzea ahalbidetzen diola gaineratu du, eta badirela batzuk «Euskal Herri kanpotik» datozenak adierazi du antolatzaileak. Adibidez, Lleidako (Herrialde Katalanak) bikote bat duela urte batzuk etorri ziren lehen aldiz; eta ordutik, «urtero lasterketara etortzeko moldatzen dituzte beraien oporrak». Jende askok iradoki die data aldatzea, baina antolatzaileak «argi eta garbi» du: «Inongo momentuan ez dugu pentsatu jende gehiagorengana iristeagatik egunez aldatzea». Izaera horri «eutsi» nahi diote.
Aurtengo berrikuntza
Aztiriako Mendi Lasterketa Goierri Kopa Trailerako puntuagarria izango da lehen aldiz. Goierriko Kopan sartzeak mendi probetako jende ezagun gehiagok izen-ematea ahalbidetu duela dio Debak. Hala ere, izango dira «betiko» korrikalariak. Adibidez, Juanjo Igartzabal korrikalari beteranoa azpimarratu du: «Zortzi aldiz irabazi du».
«Inongo momentuan ez dugu pentsatu jende gehiagorengana iristeagatik egunez aldatzea»
Miren Deba. Mendi lasterketaren antolakuntza taldeko kidea
Etiketa berdean ere sartu dira. Hori, elkarbizitzan, berdintasunean eta jasangarritasunean oinarritutako lasterketen aldeko manifestua da. Antolatzaileek horren arabera egin duten aldaketa seinalizatzeko eran egin dutela aurreratu du: «Bideak seinalizatzeko gezi berrerabilgarriak jarri ditugu plastiko gutxiago erabiltzeko».
Autobusak Legazpitik
Legazpiko Udalak Junetorri autobusaren zerbitzu berezia jarri du auzoko jaietara joateko eta handik herrira itzultzeko. Jaien antolatzaileek autobus hori erabiltzeko eskaera egin dute, bereziki igande goizeko mendi lasterketarako.
Larunbatean, Junetorri 17:30ean, 19:00etan eta 20:30ean aterako da Urtatzako geralekutik, eta ohiko ibilbidea egingo du Aztiriraino joan aurretik. Handik, 18:15ean, 19:45ean eta 21:15ean izango da itzulera.
Igande goizean, berriz, Azokatik abiatuko da 09:00etan hasi eta 14:00ak arte, ordu erdiro, eta itzulera 09:15etik 13:45ak arte izango da, ordu erdiro hori ere. Arratsaldean Urtatzatik aterako da, 17:30ean, 19:00etan eta 20:30ean, eta Aztiriatik 18:15ean, 19:45ean eta 21:15ean.
Antolatzaileak eskertuta
Gabiriako eta Legazpiko udalei «eskerrak» eman dizkie: «Lagundu digutenei udalei, babesleei, eta nola ez boluntarioei».













