Talogintzaren unibertsitatea
Goiztiri AEK euskaltegiak antolatuta talogintza ikastaroa egin dute aurten ere Arriarango Intxaurpe elkartean. Segurako talogileak izan dira irakasle. Ehundik gora lagun elkartu dira.
Beste urte betez, Beasaingo Arriaran auzoko Intxaurpe elkartea, talogintzaren unibertsitatea bihurtu zuten atzo iluntzean, kanpoan negu giro gorria zela. Goiztiri AEK euskaltegiak antolatuta, eta Segurako talogileak irakasle zirela, talo ikastaroa egin zuten adin desberdinetako ehun lagun inguruk.
Segurako talogileek orea nola egiten den erakutsiz hasi zuten ikastaroa. Arto irina, ur beroa eta gatza nahastuta egin zuten orea. Ondoren, ore zatiak mahaietan banatu, eta parte-hartzaileek zurezko talo-oholaren gainean, eskuarekin kolpetxoak emanez, taloari forma ematen aritu ziren. Batzuk handiagoak, besteak txikiagoak, batzuk borobilagoak eta besteak irregularragoak ikus zitezkeen; baina guztiak ilusio eta mimo handiz egindakoak.
Norberak egindakoa jan
Jarraian, sutara eraman zituzten taloak. Bakoitzak bereari arretaz begiratzen ziola, talo batzuk harridura ere sortu zuten, harrotzen eta harrotzen ari zirela ikusitakoan. Behin taloa egindakoan, barruan txistorra, txokolatea, gazta edo hirugiharra sartu eta gozatu ederra hartu zuten talo ikasleek norberak egindako taloa janez. Nahi adina jateko aukera izan zuten gainera. Gehienak afalduta joan ziren etxera.
Euskararen eskola ere bai
Taloak egiten ikasteko unibertsitateaz gain, euskara dakitenak eta ikasten ari direnak elkartzeko tokia ere bihurtzen da urtean behin Intxaurpe elkartea talo ikastaroaren aitzakian. AEK euskaltegiko Goierriko guztiko ikasleekin eta irakasleekin batera, adin desberdinetako beasaindarrak elkartu baitziren bertan.













