Stock Azoka egingo dute Bareak elkarteko dendek ostiralean eta larunbatean
Kalera aterako dira 36 denda; 12k plaza azpian jarriko dituzte postuak eta 28k denda atarietan. Erosleen artean lau ileapaindegitan produktu loteak eta zerbitzuak zozkatuko dituzte
Udazken eta neguko denboraldiko produktuak prezio merkeagoan kalera aterako dituzte Bareak Elkarteko 36 dendek, VIII. Stock Azokan. Mota guztietako dendek parte hartuko dute azokan: heldu zein haurrentzako moda, zapata-dendak, optikak, moda osagarriak, mertzeria eta lentzeria dendak, kirol-dendak, jostailuak, etxerako osagarriak …
Loinazko San Martin plazaren azpian 12 denden postuak jarriko dituzte eta beste 28 postu egongo dira Beasaingo kaleetan zehar, 28 saltokik produktuak denda kanpoaldera aterako baitituzte.
Azokaren ordutegia ondorengoa da: ostiralean 10:00etatik 13:30era eta 16:30etik 20:00etara eta larunbatean, 10:30etik 13:30ean eta 17:00etatik 20:00-etara. Larunbat arratsaldean Kike Bigurik plaza animatuko du bakarrizketa saioekin.
Erosketak egiten dituzten bezeroen artean sari desberdinak zozkatuko dituzte: batetik, Bareakeko ile-apaindegietan produktu loteak eta zerbitzuak; eta bestetik, GOIERRIKO HITZA egunkariaren eskutik urte osoko bi harpidetza.