«Artzain lana gogorra zen, baina egun politak ere izaten genituen»
Eugenio Mendizabal ‘Muño’ artzaina
Eugenio Mendizabal ‘Muño’ (Zerain, 1934) Barbari auzoko Barbarimuño baserrian jaio zen, hortik ezizena. Morroi joan zen artzain gisa 15 urterekin, eta ordutik ez dio ardiak zaintzeari utzi.
Nola oroitzen dituzu zure haurtzaroa eta gaztaroa?
Zazpi anaia-arreba ginen etxean, eta gurasoek gogor lan egiten zuten familia aurrera ateratzeko. Baserritik bizi ginen. Barbarimuñok, nire jaiotetxeak, bi bizitza ditu, eta 15 urte nituela etxekoneko Candido Aizpeolearekin hasi nintzen artzain lanetan, morroi gisa.
Ordu hartan etxean ere bagenituen ardi gutxi batzuk, eta niretzako ofizioa arrotza ez bazen ere, morroi nintzela ikasi nuen artzaintzaz dakidan guztia. Sei urte eman nituen morroi Aizpeolearekin. Udak Urbasako larreetan pasatzen genituen, eta neguak, berriz, Itsason edo Ezkion.
Joxe anaia ere artzaina izan zen, ezta?
Bai. Biok elkarrekin ibili ginen artzain lanetan morroi izateari utzi nionean. Sei bat urte egin genituen elkarrekin. Uda sasoia Urbian igarotzen genuen eta negua Mutiloan edo Zerainen. Alokairuan hartzen genituen baserriak, jabeei ondo zetorkien errenta bat jasotzeko, eta bide batez, gure ardiek inguruko belardiak garbitzen zizkieten. Mutiloan Estankoxarra, Murgiondo eta Atiber baserrietan egoten ginen.
Zure artaldea erosi zenuen arte egon zinen anaiarekin.
Bai. Legazpiko Erroxeta baserriko Joxeri erosi nizkion ardiak, 133 bat buru. Hiru urteren buruan ordaindu nizkion guztiak. Orduan hasi nintzen uda sasoian Arriurdinera (Aizkorri) joaten. Beste artzain bat ere izaten zen garai hartan bertan, Xiordi ezizenez ezagutzen genuen. Artzain txaboletan bizi ginen, maiatz amaieratik urrira bitarteko sasoia pasatzen nuen bertan. Negua, Zerainen pasatzen nuen, Mantxola edo Hirukate baserrietan, adibidez.
Gogorra al zen artzain ofizioa?
Bai. Egun osoa kanpoan pasatzen zuten ardiek garai hartan, egiten zuen eguraldia egiten zuela; eta noski ardiekin batera artzainok ere bai. Baina ni ez nago kexatzeko, inguruko baserrietatik beti ekartzen zidaten kafe bero bat-edo, ondo zaintzen ninduten. Gaur ezberdina da, ardiek neguan artegian pasatzen baitute denbora asko. Elurte garaiak ziren gogorrenak, belardietatik elurra kentzen pasatzen genituen orduak, ardiei zerbait jaten emateko gutxienez. Sarri, udaberrian ere elurra egoten zen mendian. Behin, Arriurdinen nengoela San Antonio egunean elurra egin zuela gogoratzen dut.
Neguan, eguraldi txarra egiten zuenekoak dituzu oroitzapen zailenak. Eta politenak? Lana gogorra zen, artzain ofizioa oso bakartia ere bada, baina egun politak ere izaten ziren. Oroitzapen politenak uda sasoia mendian pasatzen nuenekoak ditut. Arriurdinen geunden bi artzainok elkartu eta kontu kontari aritzen ginenekoak, adibidez. Edo Zerainera belar moztera jaisten nintzenekoak. Orduan, auzolanean egiten zen lan hau, behin, 14 laguneko kuadrilla elkartu ginen. Lanak amaitutakoan, mendian arkumea parrilan erreta jatera joan ginela gogoratzen dut. Gainerakoan, igandero joaten ginen Urbiako baselizara meza entzutera. Meza ondoren, hamaiketakoa egiten genuen eta gutxi batzuk fondan gelditzen ginen Justak prestatutakoa bazkaltzen. Paella eta urdaiazpikoa tomatearekin. Batzuetan oilasko errea ere izaten genuen. Zenbat artzain izaten ziren garai hartan uda sasoian Aizkorri inguruetan? 24 bat txabola baziren, oroitzen dudanez. Oltzen hiru, Arbelarren zazpi, Laskolatzan hamabi eta Arriurdinen bi. Ezkonduta zeuden artzainak euren emazteekin joaten ziren. Emakume artzainak ere asko ziren garai hartan Urbian. Lan berdina izaten zen gizonezkoentzat, nahiz emakumezkoentzat. Zer lan egiten zenituen? Neguan zein udaberrian ardiak egunero bitan jetzi behar izaten ziren. Uda partean sanpedroak bitartean jezten nituen ardiak, gero, handik aurrera lasaiago ibiltzen nintzen. Dena den, beti zegoen egiteko zerbait, udan negurako belarra biltzen zen, gazta ere egunero egiten nuen, bitan. Orduan, mendian ez zegoen esnea gordetzerik eta ardiak jetzi berritan egiten genuen gazta. Eguneko bi edo hiru. Arkumeak jaiotzen hasten zirenean ere lan asko izaten zen. Urtarrilean jaiotzen ziren gehienak, eta egun osoa pasatzen nuen haiek zaintzen. Asko aldatu al da artzaintza? Asko. Makina asko sartu da eta gaur egun lana errazagoa da. Guk dena eskuz egiten genuen, belarra moztu, ardiak jetzi… Noiz utzi zenuen ofizioa? Orain 34 bat urte jubilatu nintzen, itsu gelditu nintzenean. Gogorra izan zen ardiak kentzeko erabakia hartzea. Urte zaila izan zen hura. Zure bizitza ardirik gabe imajinatzen al duzu? Maitasun berezia diet ardiei. Oraindik ere gustura ibiltzen naiz ardi artean, haien zintzarri hotsa entzuten. Jubilatu eta Barbarimuñora itzuli nintzen. Orduan etxean ere bagenituen ardiak, jetzi ez ezik gainontzeko lan guztiak egiten nituen nik: azpiak garbitu, zelaira eraman, jana eman… Orain ere hamar bat ardi ditugu etxean. Anaiarenak dira, baina nirea da haiek zaintzeko ardura. Mendia sentitzen dut faltan, oraindik orain joaten naiz lagunekin tarteka.«Emakume artzainak ere asko ziren; gizonezkoen lan berdina egiten zuten»
«Artzain ofizioa asko aldatu da. Makina asko sartu da eta lana errazagoa da»
«Oraindik ere gustura aritzen naiz ardiekin, haien zintzarri hotsa entzunez»













