Lekukoa hartzeko prest
Artzaintzari lotuta bizi izan dira haurrak zirenetik Iker Sukia lazkaotarra eta Aiora Goikoetxea ataundarra, eta familia proiektuari jarraipena emateko gogotsu daude bi artzain gazteak.
«Herriaren eta baserriaren arteko enpatia falta dela sumatzen dut» «Egin beharreko lana arinagoa izan dadin, konpainiak eragin handia du» «Denbora izanez gero, gustatuko litzaidake honen inguruko ikasketak egitea» Aiora Goikoetxea (ataundarra)Etxekoen laguntza beharrezkoa dela diote bi artzain gazteek. Negozioa bera etxekoa izanik, familiek eskertzen dutela ondorengo belaunaldiek erreleboa hartzea. Horren harira, biak bat datoz, konpainia gauza garrantzitsua dela artzaintzan. Goikoetxearen arabera «erotzeko modukoa» izan liteke ardi guztiak bakarrik jeztea. Lazkaotarra ere bat dator horrekin, izan aita alboan dagoena edota anaia, konpainia beharrezkoa dela adierazi du. Ordu eta erdiko lana bien artean bizkorrago amaitzeaz gain, arinago igarotzen dela denbora diote. Ikasketekin bat egitea zaila Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitua du Aiora Goikoetxeak, eta orain arte alaba bakarra izanik, etxeko negozioaren etorkizuna bere esku ikusten zuten denek. Orain anaia txikia jaio bada ere, bide beretik jarraitzen du ataundarrak. Ikasten zebilen bitartean «lanak erdizka» uzten zituela gehitu du, denbora falta izan dela bere «arazo nagusia». Eskolarako nahi adina astirik ez zuela, eta batak besteari denbora kentzen ziola dio ataundarrak, ondoren etxera joatean denera iritsi ezinik ibiltzen zela. Iker Sukiak berriz, ikastola, amaitu baino lehen utzi zuen, eta Artzain Eskolan egin ditu sei hilabete: «Nik argi nuen aitak hasitakoari jarraipena emango niola, etxeko besteek ez baitzuten nahi. Horrelako proiektu bat bertan behera geldituko zen norbaitek lekukoa hartuko ez balu». Artzain Eskolako esperientzian zehar, aurrez etxetik ikasitakoaz gain, egoera desberdinak ezagutu ditu Sukiak. Esplotazio egoerak ezagutu ditu, ardien gaixotasunez ikasi eta pentsua razio egokietan banatzen erakutsi diete, besteak beste. Arantzazura joanda, erabaki garrantzitsua hartu zuela dio lazkaotarrak, aita jubilatzen denerako prest egon nahi duela esanez.
«Artzain Eskolara joatea erabaki garranntzitsua izan da etorkizunerako» «Jendea ez da ohartzen gazta bat egiteko zenbat lan egin behar den» «Aitak abiatu zuen proiektuari jarraipena emateko aukera dut» Iker Sukia (lazkaotarra)Etorkizunera bidean Gurasoei erreleboa hartzea ez ezik, beren bidea jorratzea ere helburu gisa dute biek. Iker Sukiak, aitak markatu duen bidea hartzeaz gain, ahal duen neurrian hobetzea ere badu helburu. Etorkizunari begira «aldaketa batzuk» dituela buruan aurreratu du, Arantzazutik igaro ondoren «ideia eta diru-laguntza desberdinak uztartzea» negozioarentzat bide ona litzatekeela uste baitu. Kalearen eta baserriaren arteko zatiketak, berriz, zalantzak sortzen dizkio Goikoetxeari etorkizunari begira jarriz: «Geroz eta enpatia guxtiago dago kalean baserritarroi begira. Produktu baten atzetik dagoen lanaz ez dira jabetzen». Denborapasatik harago, lanbidea dela aldarrikatu dute biek. Etxean egonagatik, lanean dihardute, eta merkaturatutako produktuei balio hori ematea gustatuko litzaiekeela. Sukiak adierazi du jendea ez dela ohartzen gazta baten atzean dagoen lanaz. Goikoetxeak, berriz, artzainei animaliekiko egozten dieten esplotazioa izan du eztabaidagai. Beraiek ardietatik bizi arren, ez duela esan nahi gehiegizko karga dutenik. Negu gogorra izan da Amaitu berri den negua, gogoratzen duten gogorrenetarikoa izan dela aitortu dute. Artzainengan ez ezik, ardiengan eta ondorioz produktuengan ere eragina duela jasandako eguraldiak. Hotzak zuzenki baldintzatzen du esnearen produkzioa. Iker Sukiak azaldu du azaroan moztu zietela beraiek ilea ardiei. Orduan jezten hasi zirenetik asko jaitsi dela emana dio. Elikaduran ere nabari da tenperatura baxuak izan direla. Goikoetxeak esan bezala, jan gehiego egiten badute ere, gorputza berotzeko darabilte energia hori, esnea ekoitzi beharrean. Egindako euriteek lokatza sortu dutenez, hori ere oztopo izan dutela esan du Sukiak. Larreak egoera onenean ez edukita, ardiek lokatza dute errapeetan eta jeztearekin batera lokatza aurkitzen dute esnean. Inguruko baldintza guztiek dute zerikusia, baina argi utzi nahi izan dute: «Ardiak gugandik bizi dira, eta gu era berean, ardi horiengandik».