Herrian giro piztea eta herritarrek bizimodua Gaintzan egitea ditu helburu lehenengo Kultura Egunak. Kirola, dantza, musika eta afari jendetsua izango dira. Autobus zerbitzu berezia, gauean
Azken errolda ofizialaren arabera, 121 bizilagun ditu Gaintzak. Azken 25 urteetan ez da askorik aldatu, beti 150etik behera ibili da. Kanpoan beste ziento batzuk biziko dira. Gutxika, gutxitzen, ordea. Baina, txikitasunetik alaitasuna atera, eta direna ospatzeko hartuko dute larunbat hau. Kultura Eguna ospatuko dute gaintzarrek, etzi, lehen aldiz.
Egun osoko egitaraua antolatu du udalak, berriki indartu duen kultura-dinamizazioaren fruitu. Arratsean dira ekitaldi gehienak: gazteen
play-back kantaldia, Ordiziako Amets-Bideren dantza erakustaldia, trikitilariak eta afaria frontoian. 90 bat lagun daude izena emanda otordurako: patatak saltsa berdean, oilasko gisatua eta postrea.
Guri5 musika talde gabiriarrak joko du gauean.
Festa hutsunea betez
Afarirako izena emanda dagoena, jende asko dela aitortu du Gaizka Olaetxea alkateak. «Hasieran espero baino gehiago. Jendeak gustura hartu duela dirudi festa hau, eta aurrera jarraitzeko motibo bat bada».
Urtarrilean hartu zuen Gaintzako Udalak kultura dinamizatzailea. «Proposatutako ekimen berrien artean Kultura Eguna zegoen, ondo iruditu zitzaigun. Herritarrak elkartzeko festa bat izatea nahi dugu. Herrian giroa sortu nahi dugu, eta herritarrek bizitza Gaintzan egin dezatela», aipatu ditu helburuak alkateak.
Goierrin, San Blasetatik Lazkaoko jaietara arteko hutsunea beteko du, bestetik.
Lurraldebusek autobus zerbitzu berezia eskainiko du, larunbatean. Ordiziako geltokitik 22:15ean abiatuko da, eta Gaintzatik 01:30ean beherantz.
EGITARAUA:
· 11:00. Herri kirolak. Izena emateko epea atzo bukatu zen.
· 17:30. Gaintzako gazteen ‘playback’ jaialdia.
· 18:00. Amets-Bide dantza taldearen emanaldia.
· 19:30. Garazi eta Josu trikitilarien saioa.
· 21:00. Herri afaria. Txartelak aurrez salgai, 15 euroan.
· 23:00. Guri5 musika taldearekin erromeria.