Goierri beheko hiriguneko zergadunen %20k bakarrik egin du aitorpena euskaraz
Tasa altuena Lazkaok du, %27,88ko tasarekin; Ordiziak %18,54 eta Beasainek %17,87 dute. Hiru udalek euskara aukeratzeko eskatu dute. 2009tik bikoiztu egin da erabilera, baina igoera moteldu daLazkaoko, Beasaingo eta Ordiziako udaletako Euskara zinegotz...
Tasa altuena Lazkaok du, %27,88ko tasarekin; Ordiziak %18,54 eta Beasainek %17,87 dute. Hiru udalek euskara aukeratzeko eskatu dute. 2009tik bikoiztu egin da erabilera, baina igoera moteldu da
Lazkaoko, Beasaingo eta Ordiziako udaletako Euskara zinegotziek deialdi bateratua egin zieten, atzo, Goierriko zergadunei: 2017ko ekitaldiko errenta aitorpena euskaraz egiteko. «Zure aukera da, eta egizu euskaraz». Mezu labur bezain trinko hori zabaldu diete Xabier Arrasate, Leire Artola eta Joxi Iturriotz zinegotziek goierritarrei.Euskararen erabilera indartzeko ekinbide moduan, 2009tik kanpaina bateratua egin ohi dute hiru udalek, foru ogasunaren aurrean kontuak emateko garaiaren aurretik. Aurten, aitorpena egiteko garaia apirilaren 23an hasiko da, ekainaren 30era arte. Foru Aldundia, hala ere, apirilaren 10ean hasiko da autolikidazio proposamenak etxera bidaltzen, eta hilaren 16tik aurrera onartu ahalko dira.
Gaztelaniaz ala euskaraz egin, aukeran uzten du aldundiak. Beasaingo, Ordiziako eta Lazkaoko zergadunen multzoan, batez beste, bostetik batek aukeratu zuen euskara, iazko kanpainan. Beasaingo zergadunen errenta aitorpen guztien %17,87 aurkeztu ziren euskaraz, Ordiziakoen %18,54, eta lazkaotarren %27,88.
Sustapen kanpaina duela 9 urte hasi zenetik, euskararen erabilera bikoiztu egin dela nabarmendu du Xabier Arrasate zinegotzi lazkaotarrak. «Lazkaotarren laurdenak egin zuen iaz euskaraz». %15,52tik %27,88ra igo da hizkuntza, epe horretan.
Beasainen, 8,37ko tasa zuen euskarak 2009an, eta Ordizian 8,29koa. «Helburua da hastear den errentaren kanpainan iaz baino herritar gehiagok egitea aitorpena euskaraz», azaldu du Leire Artola beasaindarrak.
Igoera moteldu egin da
Hiriguneko hiru udalerrietako zergadunek etxean jaso dituzte dagoeneko errenta aitorpena euskaraz egitera animatzeko esku-orriak. Udal arduradunek atzo eman zituzten datuetan, beste joera bat ere ikusten da: aitorpena euskaraz egiteko joera pixkanaka gorantz badoa ere, iaz moteldu egin zen.
2009tik, urtero puntu bat edo bi egin du gora euskararen aukerak —Lazkaon 3 puntuko hazkundea ere izan da inoiz—. Baina 2015eko kanpainatik 2016kora (iazko udaberrian egin zena), hamarreko gutxi batzuk igo da: Beasainen 0,38 puntu, Ordizian 0,35 eta Lazkaon 0,87.













