Larunbat arratsaldean, zazpi trikitilari bikote aritu ziren Lazkaoko II. Trikitilari Gazteen Txapelketan, plazako pilotalekuan. Lazkao Txiki Musika Eskolak antolatutako lehiaketan, hiruna pieza jo zituzten. Ane Etxezarreta olaberritarrak (trikitia) eta Sara Iriarte billabonarrak (panderoa) irabazi dute. Bigarren Irati Artzelus-Josu Garmendia (Lazkao-Gaintza) geratu dira, eta hirugarren Beñat Iturriotz-Maialen Ugalde (Beasain).

Ane Etxezarreta eta Sara Iriarte irabazleak, Lazkaon./Aimar Maiz
Epaile lanetan Kristina Peña trikitilaria eta Amaia Artza pandero jotzailea jardun ziren. Aurkezle, berriz, Leire Zumeta, musika eskolako trikiti irakaslea. Sailkapena oso berdindua eta maila ona izan zela jakinarazi zuten, bukaeran.

Bigarren sailkatuak: Josu Garmendia gaintzarra eta Irati Artzelus lazkaotarra./LTME
Zazpikotea osatzeko, honako bikote hauek izan ziren soinu jotzen: Eneko Urkola-Itxaso Estanga (Zaldibia), Maider Arregi-Sara Caminos (Altzo-Berastegi), Ekiñe Casado-Maite Lizundia (Arrasate) eta Ane Urretabizkaia-Ane Artzelus (Lazkao).

Partaide guztiak oholtzan, txapeldunen agurreko pieza entzuten./Aimar Maiz

Lazkaoko bi partaide, sariekin./Aimar Maiz