Gizon handi gaiztoen musika-ekarpen zintzoa
Lazkaoko BigBadMan taldeak '5 songs' diskoa ondu du. Interneteko guneetan jarri dute eskuragai, oraingoz. San Prudentzio jaietako lehen gaua alaituko dute, gaur gauean. Lau musikari beteranok osatua da.
Taldea 2015ean osatu zuten, Lazkaon. Baina goierritar DNA du. Stuart Kelling eskoziar goierritartua (ahotsa, gitarra eta teklatua), Joselu Alonso (baxua), Mikel Caballero (bateria eta ahotsa), eta Xabi Auzmendi (gitarra eta ahotsa) dira kide.
«Hamarkada askotako ibilbidea dugu», dio Kellingek. Drindotsen ibilitako Auzmendi eta Caballero, Dogma de Fe-ko Joselu, eta Kelling bera lekuko. Edinburgen (Eskozia) jaioa eta Swansean (Gales) hazia da Kelling. Cardiffen, Londonen eta AEBetan bizi izana, ingeles akademia dauka Lazkaon.
Rock, pop eta indie ingelesa
Jotzen duten musika definitzeko eskatzea, «galdera ona» dela diote: «Oinarrian rocka, popa eta indiea ditugu, baina eragin askorekin; denok egiten baititugu ekarpenak. Ingelesez kantatzen dugu; letra, nire errua da», dio Kellingek, british umorez.
Diskoa iazko udan grabatu zuten Fredi Pelaezekin Pottoko estudioan. Baina Benefit Street abestiaren bideoklipa grabatu eta sareratu arte itxaron dute diskoa ere jaulkitzeko. Luken Sanchez ordiziarrak ekoitzi die bideoa. Gaur, ordea, zuzen-zuzenean ariko dira, Lazkaon.













