Beasain Saria izena hartuko du Ordiziako atletismo mitineko 10.000ko probak
Beasaingo Udalak hitzarmena sinatu du Txindoki Atletismo Taldearekin. Hiru urtean behin, kaleko atletismo erakustaldia egitea ere adostu dute bi aldeek
Beasaingo Udalak Txindoki Atletismo taldearekin harremana indartu nahi du, bi helburu nagusi oinarritzat hartuta: batetik, beasaindarrei atletismoa gerturatzea eta bes- tetik, Beasainen izena atletismoan areagotzea.
Aitor Aldasoro alkatearen esanetan, «bi erakundeen partetik gogo bat bazegoen harremana indartzeko. Bailara oso ko taldea da, Ordizian kokagunea izanagatik, eta gero eta gehiago ari dira atletismoa praktikatzen duten beasaindarrak. Atleta horiei denbora luzean jarrai dezaten lagundu behar da».
Elena Ruiz kirol zinegotziaren arabera, hitzarmenaren ondorioz, aurrerantzean «atletismoarekin lotuta egongo da Beasain izena ere». Izan ere, iraileko azkeneko igandean Ordizia, Beasain eta Lazkao artean egiten den Josetxo Imazen oroimeneko lasterketaz gain, beste bi berrikuntza gehiago ere izango dira hitzarmenaren ondorioz: batetik, kaleko atletismo erakustaldia, eta bestetik, uztailaren 7an Ordiziako Altamira estadioan jokatuko den IV. Jose Antonio Peña atletismo mitineko 10.000 metroko probak Beasain Saria izena izatea.
Txindoki taldeko Eneko Agirrezabalek atzoko ekitaldian aurreratu zuenez, «oso gustura» daude udalak ematen dien laguntzagatik, «eta espero dut hurrengo urteetan ere horrela jarraituko dugula, batetik atletismo federatua bultzatzen eta bestetik, eskolarteko atletismoa bultzatzen».
Uztailaren 7an
Ildo horretan, lehenengo hitzordua uztailaren 7an izango da. Agirrezabalaren esanetan, «Espainiako federazioak esan zigun interesgarria zela 10.000 metroko proba bat jartzea. Uda honetan Europako txapelketak izango dira Berlinen eta bertara joateko gutxieneko markak lortu behar dituztelako atletek». Marka horiek lortzeko proba gutxi egoten direla eta, «Espainiako Federazioak aukera bat eskaini nahi zuen atletek beste lasterketa bat edukitzeko, Berlinera joateko gutxieneko denborak lor ditzaten.Federazioa prest dago erbiak jartzeko, erritmoa markatzen duten atletak jartzeko». Txindokiri ere egokia iruditu zaio aukera, «mitinari ondo datorkio jende ona etortzea». Era horretan, Beasain Saria izena eramango du 10.000 metroko proba. «Berlineko txapelketarako gutxieneko denbora lortzen duten atleta espainiarrei 300 euroko saria emango diete. Beasainek ahalegin handi bat egin du gure ustez».
Kaleko erakustaldia
Hitzarmenak lotzen duen hirugarren ekitaldia, kaleko atletismo erakustaldia da. Oraindik data zehaztu gabe dago. Orain arte Ordizian eta Lazkaon egin duten bezala, hiru urtean behin, Beasainen ere egingo dute, Beasaingo atletei leku berezia eginez.













