Loreto Aramendik joko du bihar, ahots, biolin eta tresna etnikoek lagunduta. Bigarren saioa abuztuaren 5ean da, Alize Mendizabal organo jotzailearekin eta Donostiako Hamabostaldiaren barruan
Ataungo Tourseko San Martin elizako organo barrokoa, 1761. urtekoa. // Argazkia: Aimar Maiz
Lorenzo Arrazola oñatiarrak 1761ean eraikitako Ataungo Tourseko San Martingo organoaren bueltan, bihar hasiko da Organo Barrokoaren Nazioarteko 12. Jaialdia. Bi kontzertuk osatuko dute aurtengo eskaintza, bihar eta abuztuaren 5ean.
Musika emanaldi osatua izango da biharkoa, San Martin elizan, 18:00etan hasita. Loreto Aramendi eseriko da organo barrokoan. Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioko irakaslea da, eta Donostiako Koruko Ama basilikako Cavaille-Coll organoaren jotzaile titularra.
Ez da bakarrik ariko Aramendi. Ana Salaberria sopranoak, Pedro Miguel Aginaga biolin jotzaileak, Pablo Mezzelani tresna etniko jotzaile argentinarrak eta Eate koruak lagunduko diote.
Mundutik Euskal Herrira
Aramendi, Aginaga eta Mezzelani // Arg: Aramendi
Bi atal izango ditu biharko kontzertuak. Lehenik, munduko etnia batzuetako musikak aireratuko dituzte, organoarekin eta beste musika-tresnekin. Armenia, Bulgaria, Afganistan, Argentina, Txina, Errumania eta Moldaviako doinuak joko dituzte.
Bigarren atalean, Euskal Herrira bihurtuko dira, organoz, biolinez, soprano-ahots bakarlariz eta Eateren koruz aberastuta. Iparragirre, Aita Donostia, Jesus Guridi, Pablo Solozabal, Tomas Garbizu, Etxahun Irurikoa, Gabriel Olaizola, Lertxundi, Raimon eta Manex Pagola sortzaileen lanak interpretatuko dituzte.
Jaialdiko bigarren kontzertua, abuztuaren 5ean, Alize Mendizabal organistak osatuko du (elizan, 18:00etan). Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruko saioa izango da, urteroko legez. Biharamunean, abuztuak 6, nazioarteko ikastaroan parte hartuko duten organo jotzaileek bisita egingo dute Ataunera.