Ekologia ardatz aste osoan
Ehunka bisitari elkartu dira Zeraingo azoka ekologikoan. Gaurtik larunbatera, lau hitzaldi eta tailer bat egingo dituzte XI. Jardunaldi Ekologikoen barruanEgun handia izan zen igandekoa Zerainen, ekologiko eran ekoizten dutenak eta produktu horiek kont...
Ehunka bisitari elkartu dira Zeraingo azoka ekologikoan. Gaurtik larunbatera, lau hitzaldi eta tailer bat egingo dituzte XI. Jardunaldi Ekologikoen barruan
Egun handia izan zen igandekoa Zerainen, ekologiko eran ekoizten dutenak eta produktu horiek kontsumitzen dituztenak elkartu baitziren. Ehunka bisitari erakarri zituen Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren 24. Azokak. Txerrikia, ogia, barazkiak, gozogintza, ardoa, behi haragia, gaztak, mermeladak, olioa… dastatzeko eta erosteko aukera izan zen. Zeraindarrek egindako muztioa ere dastatzeko aukera zen, baita gailetak egitekoa ere.Aurten bisitari bereziak izan dira azokaren aitzakian: Zerainekin senidetu nahi duen Cistellako (Herrialde Katalanak) 45 herritar. Zeraindarren etxeetan bazkaldu eta Oiharte sagardotegian afaldu zuten larunbatean; igandean, bisita gidatuaren ondoren, azoka bisitatu zuten.
Gaurtik aurrera, hitzaldiak
Gaurtik larunbatera bitartean, Goierriko 11. Jardunaldi Ekologikoen barruan, lau hitzaldi eta tailer bat izango dira. Gaur, Ataunen, Garbiñe Etxanizek, osasun integratiboan aholkulariak, Hesteetako mikrobiota, osasunaren gakoa. Ikasi nola zaindu hitzaldia egingo du udaletxean, 19:00etan. Bihar, Eneko Viñuelak Emaidazu pozoia. Gaixotzen gaituen elikadura izango du hizpide Ordiziakoa Barrenan.
Ostegunean, Zerainen, Leire Ibarretxek baratze ekologikoaz hitz egingo du eta ostiralean Eneko Landaburuk Seguran, Norbera sendatu, sendagaien arriskurik gabe gaiaz. Larunbatean, azkenik, ogi tailerra egingo dute Itsasoko Goiti baserrian. Izena eman behar da Goierriko Baratzan edo 943 08 74 98 zenbakian.