Gaurtik aurrera, ordu betez bakarrik aparkatu ahal izango da erdigunean
Gaurtik aurrera, Zumarragako erdiguneko kaleetan aparkatzea ordu betera mugatuko dute. Hiru hiri agente kalean gora eta behera ibiliko dira gidariei informatzeko eta norbaitek neurria errespetatzen ez badu, udaltzaingoari horren berri
Gaurtik aurrera, Zumarragako erdiguneko kaleetan aparkatzea ordu betera mugatuko dute. Hiru hiri agente kalean gora eta behera ibiliko dira gidariei informatzeko eta norbaitek neurria errespetatzen ez badu, udaltzaingoari horren berri emango diote. Ordu beteko muga behin eta berriro hausten dutenei bakarrik jarriko diete isuna. Erabaki honen helburua merkatariei laguntzea da.
Euskadi plazan eta Soraluze, Legazpi, Piedad, Bidezar, Elizkale (eliza ondoko aparkalekuak) eta Iparragirre (plazatxo ondoko aparkalekuak) kaleetan mugatuko da aparkatzea.
Ordutegia
Astelehenetik ostiralera arte, 08:30etik 13:30era eta 15:30etik 20:30era, gehienez ordu betez aparkatu ahal izango da aipatutako kale horietan. Ordu bete igaro ondoren, autoa beste kale batera mugitu beharko da. Arratsaldean kale berean aparkatu ahal izango da.
Larunbat goizean ere gehienez ordu betez aparkatu ahal izango da: Legazpi eta Piedad kaleetan, 09:00etatik 14:00etara.
Neurri hau Mikel Serrano alkateak eta Ramon Iturriotz udaltzainburuak aurkeztu dute. Aspalditik zuten zona urdina ezartzeko asmoa. 1993an Zumarragako Udalak trafikoari buruzko azterketa baten emaitza onartu zuen eta bertan beharrezkotzat jotzen zen zona urdina ezartzea. Duela gutxi merkataritza biziberritzeko plan berezia onartu dute eta bertan ere zona urdina beharrezkotzat jotzen da. Hori dela eta, herriko merkatariekin hitz egin ondoren, ezartzea erabaki dute.
Hiri agenteek, herritarrak informatu eta sentsibilizatzeaz gain, beraien iritzia jasoko dute eta aparkatzako ohiturei buruzko datuak hartuko dituzte. Informazio horrekin guztiarekin, udalak trafiko ordenantza aldatuko du.
Doaneko zona urdineko kaleetan 1.025 etxebizitza, 1.183 auto, 169 aparkaleku eta 531 garaje daude.