Suhiltzaileen eta Sidenorren arteko errepidean errotonda bat egin, eta bidegorriaren trazatua aldatuko lukete
Legazpiko PSE-EE alderdiak Sidenor izandako lantegi inguruko lur sailaren biziberritze proiekturako proposamen bat erregistratu du udalean. Sozialistek eremuko mugikortasuna «seguruagoa» izatea nahi dute Oscar Valbuena bozeramaileak esan duenez. Sidenorreko eta Suhiltzaileen egoitzaren arteko errepidea «puntu gatazkatsua» dela erantsi du eta errotonda bat egitea proposatu du. Bide batez, Urretxutik datorren bidegorriaren trazatua aldatuko lukete sozialistek.
Errotondaren proposamena honela arrazoitu du Valbuenak, «ikusgarritasun arazoak dituen gunea da eta auto-ilarak sortzen dira industria gunean sartu nahi duten ibilgailuak direla eta». Bestetik, bidegorria errepidetik paraleloan jarraitzea proposatu du, «langileek bidegorritik fabriketara sarbide zuzena izango lukete». Bi aukerek «segurtasuna bermatuko» luketela dio Valbuenak.
Sidenorreko lur saila biziberritzeko proiektua esku artean daukate orain Eusko Jaurlaritzak eta Legazpiko Udalak; hirigintza arauei dagokien zatian lanean ari dira Legazpiko Udalean.