Bihar egingo dute Legorretako eta Itsasondoko jubilatuek antolatuta jubilatuen 38. ibilaldia. 700 pertsona inguruk parte hartuko dute. Egun osorako egitaraua prestatu dute
Bihar larunbata, Gipuzkoako Jubilatuen 38. Ibilaldia egingo dute Legorretako eta Itsasondoko jubilatuek antolatuta. Parte hartze handia izango duen ekintza izango da, izan ere, 700 pertsona inguruk parte hartzea aurreikusten du antolakuntzak.
Helburua ibilaldi neurtua osatzea izango da. Legorretan hasi eta Itsasondotik barrena egingo dute buelta hain zuzen ere, eta parte hartzea izango da garrantzia duena. «Aurten Legorretara iritsi gara, Gipuzkoako bihotzean kokatuta dagoen udalerri eder eta polit honetara. Gure arteko harremanak sendotu eta suspertu nahi ditugu elkartasunaren martxa honekin», esan zuen Jose Agustin Arrieta, Agijupens Gipuzkoako jubilatu eta pentsiodunen elkarteko lehendakariak, ibilaldiaren aurkezpen ekitaldian.
Gizarteari «bizitza ez dela geldirik egotea» erakutsi nahi diote, «Bidea egitea garrantzitsua da, mugitzea, abiada bat eramatea. Jendea oinez ikustea beharrezkoa da, parte hartuko dugun bakoitza ezagutzeko aukera izatea, nor bere arazo eta zailtasunekin, baina baita ilusio eta esperantzarekin ere», nabarmendu zuen.
Eguneko egitaraua
Parte hartzaileei ongietorria 10:30ean egin, eta Legorretako plazatik 11:00etan abiatuko da lehenengo taldea. 12:00etan mokadutxo bat jango dute Itsasondon, eta Legorretara bueltatuko dira herriko plazan kontzentrazioa egiteko. 14:15ean, kalejira egingo dute Kuxkuxtu txarangarekin. Jarraian, bazkaria egingo dute Harripila kiroldegian eta ondoren dantzaldia izango dute egunari amaiera emateko.