Shorinji kempo arte martzial erakustaldia, larunbatean Zumarragan
Larunbatean, 11:30ean, shorinji kempo erakustaldia egingo dute Zumarragako Beloki pilotalekuan. Sarrera doakoa izango da.
Japoniar jatorriko arte martzial horrek norberaren defentsarako teknikak, garapen fisikoa, errespetua, elkartasuna eta norberaren hobekuntza bezalako balioetan oinarritutako heziketa uztartzen ditu, besteak beste.
Ekitaldia Goierri Urola Shorinji Kempo Eskolak (GUSKE) antolatu du. Elkarte horrek eskualdeko hainbat herritan garatzen du bere jarduera eta ibilbide luzea du diziplina hori sustatzen.
Shorinji kempo Zumarragako kirol eskaintza egonkortuaren parte da. Erakustaldi horren bidez, herritarrei diziplina hau gerturatu nahi zaie, jarduera fisikoa sustatu eta ikasleek ikasturtean zehar egindako lana ikusgai jarri.
Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, ehun bat kirolari bilduko dira erakustaldian.













