Azaroko igande guztietan egin ohi diren kontzertuez gain, azaroaren 1erako ere antolatu dute saio bat. Ordiziako parrokian izango dira emanaldi guztiak, 18:30ean hasita

Ordiziako Oroith abesbatzak ere parte hartuko du Barroko Aire zikloan.
Azaroaren 1ean hasiko da Ordizian Barroko Aire, Musika Barrokoaren egunak jaialdiaren 33. ekinaldia. Herriko parrokian bost kontzertu egingo dira, Ordiziako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta.
Barroko Aire Jaialdiak bat egiten du Ordizika hiri gutuna jaso zueneko 750. urteurreneko ospakizunekin, eta testuinguru horretan, edizio berezia proposatu da. Horrenbestez, aurreko edizioetan baino kontzertu bat gehiago izango da, azaroko igandeetan ezezik, azaroaren 1ean ere kontzertua izango baita. Lau emanaldi izan beharrean, bost izango dira beraz, aurtengo ekitaldiak Ordiziara ekarriko dituenak.18:30ean hasiko dira saioak
Hilabeteko programazioa
Plektrum Ensemble taldeak irekiko du Barroko Aire musika zikloa. Taldeak aurkezten duen programan, bost ordenetako gitarrarako argitaratu gabeko hainbat pieza estreinatuko dituzte; hain zuzen, Ordizian jaiotako Jose Otxoa de Arinek sinatutako piezak dira, 1730. urteko data dutenak, eta Gaspar Sanzek egindako
Instruccion de musica sobre la guitarra española izeneko bildumako ale bati erantsitakoak. Hori, ostegunean izango da, etzi.

Hurrengo saioa azaroaren 4an izango da. Kamara musikaren munduan ia 30 urteko ibilbidea duen Alberto Urretxo eta Spanish Brass izango dira entzungai.
Azaroaren 11n, berriz, Llooking Back Andreas Prittwitzek, antzinako musikaren, musika erromantikoaren eta jazzaren inguruan duen ikuspegia emango du.
Azaroaren 18an, Kamerata Oiassok, programazio anitzaren eta eklektikoaren bidez, kalitatezko musika eskaintzea du helburu.
Eta azkenik, azaroaren 25ean. Oroith abesbatzak eta Conductus Ensemblek, Purcellen
Dido eta Eneas aurkeztuko dute.