Eskola zaharrak topaleku berri
Ehun urtetik gora dituen eraikina lehengoratu dute Ormaiztegin, adin guztietako herritarrei zerbitzua emango dien azpiegitura bat sortuz: Eskola Zaharrak Gizarte Etxea. XXI. mendeko beharretara egokitzen den espazioa da.Larunbata izan zen aukeratutako ...
Ehun urtetik gora dituen eraikina lehengoratu dute Ormaiztegin, adin guztietako herritarrei zerbitzua emango dien azpiegitura bat sortuz: Eskola Zaharrak Gizarte Etxea. XXI. mendeko beharretara egokitzen den espazioa da.
Larunbata izan zen aukeratutako eguna, azaroaren 17a. Orain hiru urte hasitako egitasmo bati bukaera eman zion egun horretan Ormaiztegiko Udalak. Harrezkero zabalik dago Eskola Zaharrak Gizarte Etxea. Areto nagusi bat, gaztelekua, eguneko zentroa, jubilatuak elkartzeko gunea, ileapaindegia, liburutegia eta taberna hartuko ditu eraikin berrituak, bi solairutan banatuta. Garai bateko eskola zaharrak egokitzeko aurrekontua milioi bat eurotik gorakoa izan da.Areto nagusia gainezka zela egin zen irekiera ekitaldia. Jon Enrique alkatea gidari zela, Ainhoa Aizpurua Garapen Ekonomikoko Foru Diputatuak, Mari Jose Telleria kultura zuzendariak eta Edurne Elortza herritarrak hartu zuten hitza. Iker Abasola Irizarreko ordezkaria ere tartean zen, baita inguruko herrietako hainbat alkate ere.
Eskola zaharrak mende beteko historian izandako bilakaerari buruz aritu zen Elortza, egoki irakurritako testu bat oinarri zuela. Haren aurretik Rigida Campos herritarrari egin zion aipamena. Eskola zaharra 1916an inauguratu zutenean, Camposek testu bat irakurri zuen eta haren ondorengoek testu hura etxean jaso dute. Ormaiztegiarren ondare gisa gordeko dute.
«Erabili, zaindu eta gozatu»
Alkateak esker hitzak izan zituen proiektua gauzatzen lagun izandako guztientzat: Udalbatza, teknikariak, arkitekto taldea, hornitzaile izan diren enpresa guztiak, Irizar eta Gipuzkoako Foru Aldundia, eta baita herritarrak ere. «Abiapuntu inportantea da hau Ormaiztegirentzat, herria XXI. mendeari begira jartzen baitu». Eta mezu argi batekin amaitu zuen: «Erabili, zaindu eta gozatu».
Ohorezko aurresku eta zinta moztearen ondoren, eraikin berrituko instalazio eta eremuak bisitatu zituzten bildutakoek. Bukaeran mokadutxoa eskaini zuten etxeko taberna berrian.