Aspaldiko eskaera bat gauzatzen hasi da aldundia: oinezkoen eta bizikletarien bidea Irizarko errotondatik Alegia auzoraino luzatuko du. Errepidea gurutzatuko du. Lanak hasita daude
Alegia auzoko bizilagunek lotura zuzena izango dute Ormaiztegiko bidegorriarekin, oinez edo bizikletan segurtasunez joan ahal izateko. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituren Departamentua bidexka eraikitzen hasi da, auzotarren eta inguruko udalen aspaldiko eskaera gauzatzeko bidean jarrita. Abenduaren 10ean hasi ziren prestakuntza lanekin, eta zortzi asteko epea dauka enpresa eraikitzaileak bidegorria bukatzeko. 152.000 euroko aurrekontua dauka, eta foru aldundiak finantzatuko du.
Ormaiztegiko eta Gabiriako udal barrutietan luzatuko da bidegorri berria. Denera, 230 metro luze izango da: 130 bat metro Ormaiztegiko lurretan, eta beste 100 metro Gabiriakoetan.
Irizar autobus lantegiaren aurreko errotondan hasiko da bidegorria, Gi-2632 errepidearen ezker aldean. 110 bat metro bide ertzean kokatuko dituzte. Aroztegi baserriaren izkinan, errepidea gurutzatu egingo du bidegorriak. Alegiako sarbidearen (Gi-3352) eskuin aldetik, bihurgunea eginez barneratuko da auzoan, Etxeberri etxearen aurrealdera.
Argiztatutako gurutzea
Bidegorriaren aldamenean, bestetik, Alegia aldean egina dagoen espaloia luzatuko da, Aroztegi pareraino. Aroztegi ertzean errepidea gurutzatzeko puntuan, hain justu Gi-2632ren 6. kilometro puntuan, neurri bereziak jarriko ditu aldundiak, zirkulazio handiko errepidea baita. Erdian irlatxo bat eraikiko dute, hiru metroko babesgunearekin. Errepidea bi zatitan igarotzea ahalbidetuko du horrek.
Gurutzatzeko tokia led motako bi luminariarekin argiztatuko dute. Bestetik, bidegurutzea dagoela gidariei ohartarazteko, seinaleztapen bertikala eta horizontala ipiniko dute.
Ormaiztegiko zatian, Irizar aldetik, bi metro zabaleko espaloia zabalduko dute, gaur egungo errepideak daukan zabaleraren parte bat baliatuz.