Gipuzkoako Foru Aldundiak giza eskubideen gainean deitutako lehiaketa irabazi dute
Haztegiko ikasleak Kursaalen saria jaso zuten egunean
Haztegi ikastolako DBH4ko ikasleek Gipuzkoako Foru Aldundiak giza eskubideen harira deitutako bideo lehiaketa irabazi dute eta egindako lana zabaltzeko konpromisoa hartu zutenez, bideo hori eta lehiaketako finalera iritsitako Haztegiko ikasleek egindako beste bi bideo erakutsiko dituzte ostiralean, 18:30ean, Legazpiko Kultur Etxean.
Aldundiak Giza Eskubideen aldarrikapenaren 70. urteurrena ospatzeko Eskerrak Giza Eskubideei programa egin du urritik abendura bitartean. Programa horren bitartez Gipuzkoako hainbat ikastetxetan giza eskubideen inguruko lanketa egin dute, tartean, Legazpiko Haztegi ikastola. Lanean aritu diren 10 ikastetxetako ikasleek bideoak aurkeztu dituzte aldundiak deitutako lehiaketara eta Haztegiko ikasle talde baten bideoari eman diote lehenengo saria.
Haztegiko ikasleek lehiaketan nabarmendutako hiru bideoak legazpiarrekin partekatu nahi dituzte. Hori da, hain zuzen, ostiralean kultur etxean egingo duten ekitaldiaren xede nagusia.