«Jende txikiak gauza txikiekin munduaren etorkizuna alda dezake»
Itsasoetako plastikoaren kutsaduraz kontzientziatzeko zikloa antolatu dute Lazkaon, Ioritz Barandiaran Eizmendi lazkaotarraren ideia batetik abiatuta. Lazkaoko saioez eta Pasaiako Mater Museoko jardunaldiaz hitz egin du.
Nolatan antolatu duzu plastikoaren kontsumoaren eta arazoen inguruko zikloa?
Aspalditik kontzientzia handia daukat itsasoko plastiko kutsadurarekin. Urtarrilean eta otsailean Pasaiako Mater Museoan jardunaldi batean parte hartu nuen, eta herrietara zabalduko da hango dinamika.
Zerk erakarri zintuen Materren proiektutik?
Beti izan dut naturarekiko miresmena eta animaliekiko enpatia. Bidaiak eginda konturatu naiz glaziarrak atzera doazela, eta itsasoaren ekosistema mantentzen duten arrezifeak desagertzen ari direla, biodibertsitatea galduz. Gizakiok gara klima aldaketaren erantzule.
Arazo larri bat itsasoetako plastikoarena da. Zer egin?
Urtean 8 milioi tona zabor iristen dira ozeano eta itsasoetara. Arazoari irtenbidea ematea guztion ardura da. Plastikoaren erabilera murrizteko garaia da, bakoitzak posible duen esparrutik.
Zein helburu lortu behar da?
Plastikoarekiko sortu diguten menpekotasuna gutxitzea. Jende txikiak, leku txikietan eta gauza txikiak eginez, munduaren etorkizuna alda dezake. Urteak daramate zientzialariek arazoaz ohartarazten, baina guk errealitatea ezkutatu eta beste aldera begiratzen dugu.
Gaur ‘performance’ bat egingo duzue, plazan 15:00etan. Zer?
Ikastolako haurrekin egingo dugu. Balea isats handi bat egingo da Maider Urretabizkaiaren laguntzarekin, eta plastikoz inguratuko dute haurrek, arazoaren irudia sortzeko.













